Merkealdiak, asteartean berriz irekiko duten Gattunk Dendan

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 5a, 10:45

Urriaren 1ean itxi zuten Gattunk Denda, baina ez betiko. Astearte arratsalde honetan, 17:00etan berriz irekitzera doaz eta, #Kilometroak15 ekimenaren aldeko saltokia. Merkealdietan izango dituzte Gattunk markako produktuak. 5-15 euro artean gehienak; 15 eurotan sudaderak, 10 eurotan helduentzako kamisetak, 5 eurotan haurrenak, 5 eurotan baita produktu osagarriak...

Denda hustu artean, gunea zabalik egongo dela aurreikusten dute arduradunek. Pare bat astez edo bai behintzat, ordutegi honetan:

Astelehenetik ostiralera: 17:00-20:00.

Larunbatetan: 10:30-13:00.

Oso pozik, KMK15 eguneko salmenta emaitzekin

Igandeko jaialdian izandako salmenten baitan zegoen, Gattunk Denda berriz ireki edo ez irekitzea. Igandean hiru mahai jarri zituzten, zirkuituko beste hainbeste puntutan; Udarregi Ikastolan, Txaragañan eta Atallun. Dakizuenez, eguerdi partean izandako haize bolada gogorrek gehien kolpatu zuten gunea Txaragaña izan zen. Bertan kokatua zegoen Gattunk Dendako materiala ikastolako gunera pasa zuten. Bai Udarregin bai Atallun ordea, etenik gabe saltzen egon zen materiala, zereginotarako osatua zuten hogeiko bolondres taldea.

Eguraldiak arazoak eragin arren, oso gustura dira dendako arduradunak, urtean zehar bezala, igande honetako jaialdian izandako salmentekin. Finkatua zuten helburua bete dute. Oraindik ordea, esku artean duten material guztia saldu ez dutenez, merkealdietan jartzea erabaki dute. Astearte honetatik aurrera, Gattunk Denda zabalik berriz, pare bat astez.

Astearteko irekierarako, KMK15 egunaren biharamun honetan boluntario taldea lanean gogor zebilen berriz ere, apal eta erakusleihoak prestatzen.