Xabier Arregi, Usurbilgo alkatea: "KMK15 paregabea izan da, paregabeak zaretelako"

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 6a, 09:41

Urriaren 4an nahiz urte osoan lanean jardun dutenak zoriondu eta eskertu ditu, NOAUA!ra helarazi duen honako gutunean:

Igandeko Kilometroak jaia berezia izan zen. Orioko ikastolaren lekukoa jaso zuenetik, Usurbilgo Udarregi Ikastolak, eta ikastolarekin batera herri osoak egin duen lanari amaiera bikaina eman zitzaion.

Kilometroak jaia ospatzea, harrotasunerako motibo ez ezik, lana, ardura eta poza da. Urte honetan denetik izan dugu: lan asko eta zer pentsatua ere bai. Hausnartu dugu ikastolak herrian izatea nahi dugun funtzioaz, etorkizuneko usurbildarrei utziko diegun herri eta jendarteaz... Aipamen berezia merezi dute parekidetasun, jasangarritasun eta inklusibitatearen lerroetan, hausnarrean eta lanean arituta eta harituta, Kilometroak jaiari beste aire bat eman dioten lagunek. Hari horri ez diote Kilometroakek eta Udarregik bakarrik heldu behar, herri osoak ere heldu behar dio, Udaletik hasita.

Urte guztiko ekintzek, ostiral eta larunbateko prestaketa lanek, egunean bertako milaka boluntarioren jarrerak harrotasunerako motiboa dira. Usurbil herri bizia dela erakutsi dugu, aktiboa, konprometitua eta solidarioa. Ideia hori eraman dute, eta horrela helarazi digute, gure herrian izan ziren hainbat lagunek.

Igandean, zailtasunei irribarrez eta lan eginez erantzuteko gai garela erakutsi genuen. Usurbildarrok jator eta fin agertu gara, eta hori hor geratzen da, iltzatuta. Azken batean, bizitzak ematen dizkigun esperientzietatik jendearen oroimena geratzen zaigu. Jende onarena gehienetan. Hori ez du haizeak eramaten.

Zorionak eta eskerrak eman besterik ez zaigu geratzen. Paregabea izan da, paregabeak zaretelako.

Xabier Arregi

Usurbilgo alkatea