Xabier Alustiza, Udarregi Ikastolako lehendakaria: "Mundialak gattunk"

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 6a, 10:13

Hunkituta eta pozik idatzi digu Xabier Alustiza Udarregi Ikastolako lehendakariak, ospatu berri dugun KMK15 jaialdiaren inguruan. Herritarren arteko elkarlana goraipatuz, eta herria zoriontzeko baliatu du honako gutuna:

Zorionak Usurbil!

Mila esker, Usurbil! Egin dugu! Mundialak zarete. Mundialak gattunk.

Bi urte eta erdi inguru pasa dira 2015eko Kilometroak Usurbilen izango genituela jakin genuenetik. Bide luzea izan da, polita. Nekagarria baina ederra, benetan. Orioko Kilometroak bukatutakoan hasi zen lan potoloena. Hilabete guzti hauetan, elkarrekin egin dugu lan. Elkarrekin. Batzuk lagunak ginen, konfiantzazkoak; beste batzuen aurpegia ezagutu bai, baina hortxe; baziren ere guztiz ezezagunak. Elkarrekin. Umeak, gazteak, gurasoak, aiton-amonak,.... Bakoitza bere zereginean. Elkarrekin. Hemendik aurrera, kalean topo egitean, elkarren arteko begiradak, agurrak edo irribarreak ezberdinak izango dira.

Nekez ahaztuko zaizkigun momentu asko datozkit burura. Pila bat. Asko hitz egingo dugu igandeari buruz, egun handiari buruz. Jakina. Baina, gaur, egun handiaren biharamunean, larunbata datorkit burura. Urriaren 3a, alegia. Nire ustez, egun berezia izan zen Usurbilen. Majikoa.

Goizeko zortzietan hasi ginen dantzan gure batzordekook. Goiz emankorra izan zen. Jendea pozik ikusten nuen. Urduritasun puntuaz, baina pozik. Eta lan egiteko izugarrizko gogoarekin. Beste batzordeetako bolondresekin topo egin bakoitzean, elkarri bideratutako agurrak, animoak eta irriak hunkitu egiten ninduten. Aupa ekipo!

Zorionez, dena prest utzi eta, iluntzean,  herrira abiatu nintzen. Hura jendetza! Han ere, jendea pozik, emozio puntu berezia gehienen begietan. Giro zoragarria, hunkigarria.  “Dena prest zegonk!”. Usurbilen jaioak eta kanpotik etorriak, denok ginen Usurbil, denok ginen Udarregi.

Eguraldiak, ordea, huts egin zigun. Gure esku ez zegoena. Egia esan, okerragoa izan zitekeen. Baina hobea ere bai. Usurbil Udarregi zen eta Udarregi, Usurbil. Baina haizeak...

Dena den, guztion lanari esker -eta milaka euskalzaleri esker, jakina- garaipena lortu genuen. Eguraldiari ordago bota eta eguna aurrera atera. Txalogarria bai bolondresen lana, eta baita euskalzale kanpotarren irmotasuna ere (hauen kontra ezta haize boladarik bortitzena ere!).

Zerbait handia egin dugu. Harro egoteko modukoa, zinez. Hainbat gonbidatuk, bisitarik zoriondu egin gaituzte bihotz bihotzez. Eta zorion horiek guztiontzat dira. Bagenekien gai ginela. Baina geure  buruari eta Euskal Herriari erakutsi diogu herri honetan izugarrizko indarra dagoela, kemena. Helburuak merezi duenez, herri osoak euskarak eta ikastolak luzatzen zigun sokari tinko helduz.  Eta egin beharrekoa ondo egitea gustatzen zaigula.

Nekatu egin gara. Eta gozatu egin dugu.

Nire aldetik, gozamena izan da Kilometroetako kide izana.

Biba zuek!