Mariaje Imaz, Udarregi Ikastolako zuzendaria: "Zuek gabe ezinezkoa, zuekin, egina!"

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 6a, 10:27

"Ikastolak esker oneko hitzak besterik ez ditu, urte osoan zehar eta pasa den igandeko KILOMETROAK 2015 jai egunean, herritarrek, laguntzaileek eta ikastola-lagun, nahiz euskaltzale guztiek egindako lan bikaina goraipatzeko!" dio Mariaje Imaz Udarregi Ikastolako zuzendariak. Urriaren 4ko jaialdiari buruz, nahiz aurretik herri honek #Kilometroak15 ekimenari begira jorratu duen bidearen inguruan idatzi digu Imazek:

Zorionak eta eskerrik asko Usurbil eta usurbildarrak!!! 

“ Lotzen gaTTunk

Lokarri, lixtari, sokari hari

Lotu gaTTunk harira

Hariketan ari

Harik eta behar den artean ari,

artean arin

arte artean arin ari…"

… Eta kanta egia bihurtu da! Eta herria arte artean arin aritu da!

Ikastolak esker oneko hitzak besterik ez ditu, urte osoan zehar eta pasa den igandeko KILOMETROAK 2015 jai egunean, herritarrek, laguntzaileek eta ikastola-lagun, nahiz euskaltzale guztiek egindako lan bikaina goraipatzeko!

Kilometroetako sokari lotuz, josiz, helduz… soka luzearen txirikorda bakoitzean zuen koloretako izenak josita nola geratu diren ikusi dugu!

Ziur gaude beti ez dela erraza izan: ordutegiak moldatzea, bilera berantiarretara iristeko etxekoak antolatzea, norbaitekin haserretzea, adiskidetzea; ikastolarako, Potxoenerako bidea korrika egitea, aste bukaera amaiezinak, autoak leporaino beteak GaTTunk arropa saltzera joatea; montaje eta desmontaje lanak; begiak txiki-txiki egin arte ikuskizunak antolatzea; airean gora karpak hegan egiten ikustea! A ze arraio, haizea soka-lagun festara etorrita!.

Biltegietan guztia egokiro kokatzea; denda dotore hori mimoz zaintzea, salmentak bizkortzea, ordenatzea… Gure Zozketa herriz herri, etenik gabe eramatea; guztion osasunaz arduratzea; arrisku txikienak ere aurreikustea; trafikoa antolatzea eta zaintzea; herriko bazterrak txukun- txukun uztea; egarria eta gosea asetzea; garraioa, arraioa!, auto bat kolatu zait!.

Elkar komunikatzea, animatzea, nekatzea, arnas hartzea, eskaileretan gora eta behera ibiltzea! Zerrendak osatzea, banatzea… Guztia kontrolatzea, koordinatzea!...

Guztiok izan gaTTunk soka berean!

Zenbakiak, helburuak. Jasangarritasuna. Parekidetasuna. Inklusibitatea… Eraikin berria altxata. Soka lotuta. Korapilo bakarra, eta hauxe hain zuzen, batu gaituena izan da!

Zuek gabe ezinezkoa, zuekin, egina! Beste behin ere EZINA EKINEZ EGINA!

Lezio ederra eskutik eskura! Soka koloretsuari begiratzea besterik ez da behar!

Nola eskertu jasotako guztia, emandako guztia!

Dugun herriaz harro gaude, eta gaur, lerro hauetatik, gure omenaldi xume, apala eta sentituena zuentzat doa! Eta jakizue ikastolak besoak inoiz baino zabalago dituela zuek guztientzat!

Soka ez dadila eten!

Izan gaTTunk eta izango gaTTunk! Lurra. Ura. Airea. Sua.

ZORIONAK ETA ESKERRIK ASKO, USURBIL ETA USURBILDARRAK!!!!