Matrakak Talde Feminista: "Ez dugu erasorik erantzunik gabe utziko"

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 8a, 10:54

Ez dira ekintza isolatuak, etenik ez duen indarkeria baizik. Azkenak, Iparraldean eta Erandion eraildako emakume bana, emakumeen aurkako eraso sexistak Usurbilen... Zoritxarrez, egunerokoa eta etenik gabekoak dira emakumeen aurkako erasoak. Eraso guztion salaketa plazara eraman du Matrakak Usurbilgo Talde Feministak, asteazken arratsaldean Mikel Laboa plazan deitu zuen elkarretaratzearen bidez.

Mobilizazio amaieran irakurri zuten adierazpenak argi zioen moduan, "Ez dugu erasorik erantzunik gabe utziko, ezta erasoturik gure babesik gabe ere".  Eraso guztiak gaitzesteaz gain, gizarte justu, aske eta parekide bat izateko lanean segitzeko gonbita luzatu zuten, erasook salatzeko gaur arte egin den mobilizazio jendetsuenetarikoan.

Elkarretaratze amaieran honako adierazpen hau irakurri zuten:

Adierazpena

Usurbilen bertan jazotako eraso sexistak, bai, pluralean, Erandioko Almudenaren erailketa matxista eta Iparraldeko azken erailketa salatzeko elkartu gara gaur. Zoritxarrez, egunerokotasunean behin eta berriro jazotzen dira halako egoerok eta ez dira gizarteko ero batzuek eginiko ekintza isolatuak, komunikabideek hala saldu nahi badizkigute ere. Argi utzi nahi dugu ez direla bat batean, ezerezetik gertatutakoak, emakumeok pairatzen ditugun indarkeria matxista kasu guztiek erantzuleak dituzte, sistema patriarkal kapitalista eta berau elikatzen dutenak. Aste honetako eraso sexistak eta erailketak izebergaren punta besterik ez dira. Indarkeria matxistaren aurpegi ageri eta nabarmenena. Baina ez bakarra. Nazkatuta gaude eta oso haserre. Hori dela eta, oraingoan ere gure gaitzespen osoa eta salaketa irmoa plazaratu nahi ditugu ezer baino lehen.

Badakigu emakumeon aurkako indarkeriak ez duela etenik eta munduko edozein bazterretan ematen direla eraso eta zapalkuntza hauek. Horren aurrean ezin dugu gure amorrua, nekea eta haserrea besterik adierazi. Ez dugu erasorik erantzunik gabe utziko, ezta erasoturik gure babesik gabe ere. Honelako gertaerek erakusten dute beharrezkoa dela gure borroka. Gizarte aske, parekide eta justuago baten alde lanean jarraitu behar dugu. Bakoitzak bere eremuan eta eremutik, saretuz eta saretzen, guztiok baikara beharrezko zapalketa egoerekin amaitzeko. Amaitu aurretik esan, uda gogorra izan dela emakumeen aurkako erasoek ez baitute etenik izan, eta ezin ditugu ahaztu Euskal Herrian jada 6 emakume erahil dituztela dagoeneko.

Beraz, ozen diogu: nazkatuta gaude eta ez gara isilduko, emakumeok aske bizitzeko eskubidea dugulako.

Gora borroka feminista, gora emakumeen bizitza!

Deialdia

Ostiralean 18:00etan Sutegin izango den emakume jostunen baldintzei buruzko hitzaldira, eta ekitaldi berean proiektatuko den "The True Cost" film-dokumentala ikustera joateko gonbita luzatu zuten Matrakak Talde Feministakoek. Hitzordu honi buruzko informazio gehiago, esteka honetan duzue:

http://www.noaua.eus/?p=41716