Aginagako Eskola Txikiaren egoera, konponbidean

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 8a, 12:49

Hitz egitea beti argigarri eta lagungarri suertatzen dela, horren erakusgarri dugu astearte arratsaldean Aginagako Eskola Txikia kokatzen den eraikinean egin zen bilera. Eskolako irakasle eta gurasoak Usurbilgo Udaleko gobernu taldeko kideekin batu zituen hitzorduan, egunotan bizitakoa mahai gainean jarri, gertaturikoa norberak nola bizi izan zuen azaldu, iritziak elkartrukatu eta denak ere, arazoari ahalik eta erantzun egokiena emateko ahaleginean aritu ziren.

Gogoan izan, urriaren 1etik 2rako gauean izandako euriteek Aginagako Eskola Txikia kaltetu zutela; batez ere, ludoteka kokatzen den goiko solairua, baina baita ludoteka azpiko eskolako 3 gelak ere. Kontua da, Elizaren jabetzakoa den eraikineko teilatua konpondu beharra zegoela, Udalaren esanetan “egoera kezkagarria baitzen”. Konponketa lanetan ari diren honetan, pasa den ostegun gauean, teilatua altxata dagoen eremutik sartu zen euri ura.

Ulergarria den moduan, biharamunean, ostiral goizean, eskola txikira gerturatu eta hezkuntza zentroaren egoeraz jabetu zirenean, urduritasuna eta tentsioa nagusitu ziren guraso, hezitzaile eta ikasleen artean; itoginak, sabai faltsuko zenbait zati erorita, eskolako materiala kaltetuta, une hartan ezin klaserik eman…

Alde horretatik, ostiral goizaz geroztik eskolaren eta Udalaren artean izan diren hartuemanek, eta astearte arratsaldeko bilera bera ere lagungarria izan zen, urriaren 2an gaizki ulertu batek eragin zuen urduritasuna eta tentsioa baretzen laguntzeko. Zorionez, sortu eta berehala argitu zen gaizki ulertua. Eskola Txikiak urriaren 2an, goizeko lehen orduan zuen egoera ikusita, eguneroko jardunari ezin eutsirik zebiltzan. Udal langile bat bertaratu zen eskolara. Une horretan, Usurbilgo Udalak jaso zituen lehen datuen arabera ordea, egoera ez zen larritzeko modukoa. Baina handik gutxira udaletxera gerturaturiko eskolako ordezkari talde batek, egoera zehatzaren berri eman zien udal ordezkariei, egoeraren larritasuna azpimarratuz. Berehala, Usurbilgo Udaleko gobernu taldeko bi kide, udal arkitektoa eta aparejadorea gerturatu ziren Aginagako Eskola Txikira, kalteak ikusi, baloratu, eskola txikiko komunitateko kideekin bildu eta hortik aurrera egin beharrekoaz hitz egitera.

Zorionez ez zen kalte pertsonalik egon. Gertaturikoa gauez jazo zen eta kalte materialak baino ez ziren izan azkenean. Kalteek ordea, ezinbestean eguneroko jarduna eten zuten urriaren 2an.

Egitura ez dago kaltetua

Udaletik astearteko bileran aipatu zutenez, ludoteka azpiko ikasgelak erabiltzeko arazorik ez da egongo. Goiko solairuak baino kalte gutxiago izan dituenez, egin beharreko konponketa lanak ere sinpleagoak dira; sabaian igeltsoa jarri eta margotzea. Ludoteka kokatua dagoen solairuak aldiz, konponketa lan handiagoa beharko du, nahiz lan konplexuak izango ez diren. Batetik argi instalakuntza berrikusi beharko da eta bestetik sabaia konpondu. Konponketa lanek iraun artean, gune hau ez erabiltzea, itxita egotea hobetsi dute, egokiena delakoan, ez arrisku egoera dagoelako. Udaletik urriaren 6ko bileran argitu nahi izan zutenez hain zuzen, eraikineko egitura bera ez dago kaltetua. Baina badaezpada, beste edozeren gainetik, segurtasuna lehenetsi eta bermatu nahi dute.

Dena aurreikusi bezala badoa, hurrengo hamabostaldian amaitu daitezke konponketa lanak. Horretarako, obra zuzendaritza inplikatzea, eta lanak ahal bezain azkar amaitzeko nahia eta beharra adierazi zuen eskola txikiko komunitateak, Udalak bezala. Eta behingoz, konponketa lanak bukatu eta hain beharrezkoa duen erabateko normaltasunera itzultzekoa.

Ikasgelak erabilgarri

Obra hauen gertuko jarraipena egitea eskatu zieten bildutako Eskola Txikiko kideek udal ordezkariei. Hala egiteko konpromisoa hartu zuen gobernu taldeak, nahiz jakinarazi nahi izan zuten, obrak kudeatzea lokalaren jabeari dagokiola, Elizari alegia eta ez dela honenbestez Udalaren erantzukizuna. Aginagako Eskola Txikiko egoitza ez baita udal jabegokoa, Elizarena baizik. Udalak alokatuak ditu lokalok.

Halere, astearteko bileran aipatu zutenez, egin beharreko konponketa lanen inguruko planari buruzko txostena eskatua dio Udalak obra zuzendaritzari. Txostena jasotzeke dute. Txosten hau lagungarria litzateke, batetik ezbeharraren eragin zehatzaren, egin beharreko konponketen eta bitarte horretan, erabilgarria izango den espazioaren berri izateko. Txosten horrek dioenaren zain, eraikin berean segiko dute eskola txikiko ikasle eta irakasleek. Ludoteka azpiko gelak erabiltzeko moduan dituzte. Konponketa lanak amaitu artean bestalde, kaltetuak izan ez diren eraikineko beste lokalak baliatzeko aukera ere izango dute. Jubilatuek erabili ohi duten lokala uzteko prest agertu dira. Bileran bertan ere aipatu nahi izan zen, behar izanez gero Udarregi Ikastolatik gelak eskaini zitzaizkiela baita.

Udalaren helburua, eskola txikiko kideekin urduritasun eta kezka partekatzeaz gain, arazoari ahalik eta erantzun egokiena ematea da. Hezitzaile zein gurasoen ekarpen edota proposamenak jasotzeko prest agertu ziren. Eta etorkizunera begira argi utzi zuten; Eskola Txikia egungo kokagune berean mantentzen segitzeko konpromisoa dutela alegia. Erabateko babesa adierazi zion Udalak Aginagako Eskola Txikiari.

Ezinbestean atzeratu diren lanak

Aginagako Eskola Txikia kokatzen den eraikineko teilatuaren egoera kezkagarria zela eta, konpondu beharrean zen bai hala bai. Lanak hasteko prozedura igarota, udako oporraldia baliatu nahi zen konponketa lanetarako, baina atseden garai hau tarteko, aurreikusi baino gehiago luzatu dira lanak. Astearteko bileran aipatu zutena aintzakotzat hartuta, hona hemen azken hilabeteotako gertaeren kronologia:

2015/6/19: eraikinaren jabeak, Elizak, obra eskaera aurkeztu zuen.

2015/7/06: obra proiektua aurkeztu zuen Elizak.

2015/7/20: urgentziazko Tokiko Gobernu Batzarra deitu zuen Udalak, ahal bezain azkar obrari baldintzapeko oniritzia emateko. Finkatu ziren baldintzak;

-Indarrean dauden lege eta ordenantzen araberako segurtasun neurriak betetzea.

-2015-16 ikasturtea hasterako, lanak amaituak egotea.

2015/8: lanak etenda.

2015/8/24: Usurbilgo Udalaren lanen inguruko jakinarazpena helarazten dio Elizari.

2015/9: ikasturte hasiera, eta obrak bukatu gabe.

2015/10/2: euriteek ludoteka eta Eskola Txikia kaltetu zuten.