Bizenta Mogel Elgezabal (1782-1854) idazle bizkaitarrean pentsatuz idatzi zuen Argiaren alaba (2014) nobela. Liburua egin aurretik ordea, XVIII. mendeko idazle klasiko honen inguruko tailerrak eskaintzen hasi zen. Eta tailerraren harrera onak bultzatuta idatzi zuen gero nobela. Iragan martxoan, Sutegiko udal liburutegian tailerra eskaini zuen Yolanda Arrietak. Tailerraren aitzakian, elkarrizketa egin genion. Gaur, Argiaren alabarekin Euskadi Literatura Saria jaso duen honetan, orduko elkarrizketa hura ekarri nahi izan dugu gogora.
NOAUA! Zenbat du nobelak biografiatik eta zenbat fikziotik?
Yolanda Arrieta. Nik ez nuen liburua idazteko asmorik. Liburua idatzi baino lehen, hitzaldi-tailerrak ematen hasi nintzen. Hortik hasi zen dena.
Euskal Idazleen Elkarteak, ‘Idazleakaz’ proiektuaren barruan, Edorta Jimenezen egitasmo bat jarri zuen martxan. Gaur egungo Bizkaiko idazle batek eskualdeko idazle klasiko bat geletara hurbiltzeko plana proposatu zuen Jimenezek. Ni Usurbilen bizi naiz baina Etxebarriakoa naiz eta neu ere animatu nintzen. Markinan Jose Antonio Mogel ere hor dago, baina idazle klasiko hori jada egina dago eta Bizenta Mogelen hasi nintzen pentsatzen.
Ez nekien oso ondo zer egin ordea. Mari Eli Ituartek IRALEn egiten du lan eta zerbait ezberdina egiteko proposatu zidan. Markinako liburuzainak jada egiten zuela Bizenta Mogelen inguruko ibilbide bat, eta “zer edozer ezberdina egin ezazu”, hala proposatu zidan Ituartek, eta horrela hasi nintzen, hitzaldi tailer modukoa egiten.
Tailerraren bitartez ematen duzu ezagutzera Bizenta Mogelen ekarpena.
Hamaika pakete edo kutxa erabiltzen ditut tailerrean. Kutxa bakoitzean objektu esanguratsuak sartzen ditut, eta gutun-azal batean datuak, Bizenta Mogeli buruzko datuak. Paketeak edo kutxak zabaldu ahala, Bizenta Mogelengana hurbiltzeko hamar ikurrak deskubritzen goaz.
XVIII. mendera hurbiltzeko gakoak izango dira ikurrak, ezta?
Ikurra da geratzen zaigun arrastoa. Iragana joan da, ezin duzu atzeman. Tailer honen bitartez, tradizioaren inguruko irakurketa bat egiten dugu. Tradizioa ez da geldi dagoen gauza bat. Historia ez da hor geldi dagoen gauza bat. Zerbait bizia da. Gaur egunetik berrikusi, hutsuneak bete eta berrasmatzeko eta berrantola–tzeko modukoa. Horren ildotik hasi nintzen ikertzen, eta ikertu ahala hasi nintzen datuak topatzen, eta topatzen nituen datu horiek kutxa horietan sartzen. Helburua zen historiari estatikotasun hori kendu, eta dinamizatu. Gu ere historia gara eta ari gara (historia) egiten.
“Gaur egungo gazte baten ikuspegitik idatzi nahi nuen”
Mirari 17 urteko euskaldun amerikarra da liburu protagonista, garaikidea. Bi garaien arteko zubi-lana egiten du Mirarik.
Yolanda Arrieta. Zalantza asko izan nituen. Iragana hutsean uzteak ez zidan asebetetzen. Zeren hau ez zen nobela historiko bat. Ideia zen liburua eskola eta hezkuntzara bideratzea, eta nire kezka handiena zen nola hurbildu gazteei idazle klasiko bat.
Gaur egungo gazte bat hautatu nuen protagonista gisa. Jatorri euskalduna duena baina amerikarra. Eta talentu handikoa, Bizena Mogel ere adimen handiko emakumea izan baitzen, aurreratua. Bizentak ere bere liburua 18 urterekin idatzia zuenez, liburuko protagonistak ere antzeko adina du.
Bere sasoirako aurreratu samarra izango zen Bizenta. Bera bizkorregi zihoan bere sasoirako eta hori islatu nahi nuen.
Zabaldu egin nahi zenuen perspektiba.
Gaur egungo gazte baten ikuspegitik idatzi nahi nuen. 17-18 urteko gazte batentzat, denbora-espazioaren perspektiba aldatu egin da. Ez dute bertigorik. Hori ere islatu nahi nuen. Nola egin? Hemengo jatorria duen euskaldun amerikar baten bitartez. Adimen handikoa den neska gazte baten bitartez.
Bertigorik ez dute gazteek, baina lurra fala zaie. Asko ikasi dut, Ameriketan dena daukat, gauza asko ditut... baina ni nor naiz? Nondik nator? Adinarekin bat datozen kezkak.
Oinarri hori falta zaiela akaso.
Hori da, oinarri hori falta zaie. Hori islatu nahi nuen. Izeba bat du Mirarik, ikerlaria, nomada. Beste emakume irudi bat agertu nahi nuen, ikerlariarena. Bien artean ikertu ahala doaz nobela osatzen.
Horrekin islatu nahi nuen lehen aipatu dizudana, eta tailerrean erabiltzen dudan planteamendua: gauzak ez daude jada esanda, eh? Esanda dagoena ere, berriro begiratzen duzu, eta gure ondorengoek ere berriro begiratuko dituzte. Iragana joan da, eta arrastoekin zabiltza. Datuak hor daude baina ikertu egin behar duzu, hori ere egia da.
Historiak ez duela zertan harrizkoa izan behar.
Eta kategorikoa ere ez, eta itxia ere ez. Horrek esan nahi du egia absolutorik ez dagoela.
“Ez nuen heroi bat bilatzen”
NOAUA! Aukeran, beste idazle bat aukera zitekeen, zergatik Bizenta Mogel?
Yolanda Arrieta. Bizkaiko idazle bat hautatu behar nuen, hori zen abiapuntua. Ni Etxebarriakoa naiz eta Bizenta Mogel Markinakoa, eta kilometro gutxira dago Etxabarria. Ipuin onac liburuaren hitzaurrean, agertzen du 8-9 urterekin, osabak bere nebari latinera erakusten ziola. Baina Bizentak ere esaten zion osabari berak ere ikasi nahi zuela latinera irakurtzen.
Irudi bat neukan: 1790ean, Markinako Goenkaleko etxe batean, neska koxkor bat dago latina ikasten.
Dokumentazio lan handia eskatuko zizun tailer honek. Eta ondoren idatzitako nobelak.
Historikoki gertaera asko eman ziren garai horretan. Frantziar Iraultza hasten da, gerra napoleonikoak datoz... Bizentaren bizitzak Lehen Karlistaldiaren aurreko mugimendu sozial guztia harrapatzen du.
Topiko asko daude Bizenta Mogelen inguruan. Oso katolikoa zela, itxia zela... Baina sasoia ere horrelakoa zen.
Eta andrazkoa zen Bizenta Mogel.
Bai. Baina nik ez nuen heroi bat bilatzen, nik imaginarazi nahi nuen sasoi hartan, XVIII. mende amaieran, bazela neska koxkor bat ikasi egin nahi zuena. Eta nahi hori aldarrikatu egin zuela gainera. Zeharka. Emakume batentzat, garai hura ez zelako aktibo izateko modukoa.