Ordainketak egin eta identifikaziorako txartel propioa izango du Usurbilek 2016an

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 8a, 14:49

Usurbil Herritar Txartela abian jartzea adostu dute Usurbilgo Udalak eta Hurbilago Elkarteak Nafarroako Rural Kutxarekin lankidetzan, goizean Potxoenean sinatu duten hitzarmenari esker. Dena aurreikusi bezala badoa, udalerri honek ordainketak egiteko txartel propioa izango du 2016ko otsaila alderako. 18 urtetik gorako usurbildarrentzako txartel berri hau, "VISA"-ren parekoa izango da. "Honenbestez, Hurbilago elkartekoak diren denda eta establezimenduetan ez ezik, herriko beste saltokietan eta mundu osoan erabili ahal izango da ordainketak egiteko; hori bai, Hurbilagokoak diren dendek, abantaila eta deskontu bereziak eskainiko dituzte. Txartel berria gainera, ohiko “VISA” txartela ez bezala, doakoa izango da herritarrarentzat eta teknologia aldetik punta puntako teknologia eramango du (txipa, kontakturik gabeko teknologia, banda, barrakodea...)", adierazi dute egitasmo honen sustatzaileek goizean Potxoenean.

Txartel berria ordea ordainketak egiteko bakarrik ez, identifikaziorako ere baliatu ahalko da. "Herritarrek Usurbilgo udal zerbitzuak ere erabil ahal izango dituzte; txartel bakarrarekin, Oiardo udal kiroldegiko, Sutegi liburutegiko, Potxoenea kultur etxeko edo hondakin bilketarako larrialdi puntuetako erabiltzaile gisa identifikatzeko aukera izango du herritarrak", Hurbilago Elkartearen eta Udalaren esanetan.

Herritarrari zerbitzu hobea eskaini nahi zaio modu honetan, "erabil erraza eta funtzionala den txartel bat herritarraren esku ipintzea". Gainera, txartel berriarekin "Usurbildar sentitu eta herri identitatea indartzeko elementu berri bat izatea" nahi da eta "herri guneari bizia ematen dioten komertzio txikien eredua sustatzea".

Herri merkataritza indartzeko urrats berri gisa aurkeztu dute egitasmo berria. Eta bost urteotan zabaltzen eta indartzen joan den Hurbilago Txartelak eginiko ibilbidearen jarraipen modura.

Eskaerak

Egitasmoa aurkezteko agerraldian parte hartu dute Xabier Arregi Usurbilgo Udaleko alkateak, Juanjo Allur Siadeco elkarteko kideak eta merkataritza alorreko teknikariak, Igor Gorriti Hurbilago Elkarteko lehendakariak eta Gorka Iturri Nafarroako Rural Kutxako ordezkariak. Proiektua hain zuzen, Udala, Hurbilago eta aipatu kutxaren arteko lankidetzarekin gauzatuko da.  Rural Kutxako bezeroa izan edo ez, berdin berdin eskuratu ahalko da txartel berria "eta egindako gastua edozein finantza erakundetan kargatu ahal izango da".

Izena eta irudia hautatzeko lehiaketa

Txartela zuetako edonork diseinatzeko aukera du. Adi; Usurbil herritar txartelaren izena eta irudia hautatzeko lehiaketa irekia antolatu da. Oinarriak ostiral honetan kaleratuko dituzte eta ikusgai izango dira, usurbil.eus eta hurbilago.com, hau da, Usurbilgo Udalaren eta Hurbilago Elkartearen atarietan hurrenez hurren. Oinarrion aurrerapena doakizue hemen:

-Helburua: lehiaketa ireki bidez, txartel berriaren izena eta irudia hautatzea.

-Lanak aurkezteko epea: urriak 9-azaroak 6, Usurbilgo Udalean.

-Kontuan hartuko diren irizpideak: "usurbildarrak identifikatuak sentitzen garen irudia izatea baloratuko da, diseinatutako markaren balio artistiko eta sinbolikoa, komunikatzerakoan duen indarra, berritzailea izatea, erakargarria... eta aldi berean patrikan eraman behar dugun txartel baten ezaugarrietara egokituko dena".

-Hautaketa: aurkeztutako lanetatik hiru egokienak hautatuko ditu epaimahaiak. Hiru lanak jendaurreran jarriko dira erakusgai eta herritarrek gustuko dutenaren alde bozkatzeko aukera izango dute.

-Saria: 500 euro.

Lehiaketako oinarriei buruzko informazio gehiago, ostiraletik aurrera, usurbil.eus eta hurbilago.com atarietan.