Asier Azpiroz Iztueta igandean Andoainen, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehian

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 9a, 11:15

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenen fasea Arrasate eta Andoaingo saioekin amaituko da igandean. Andoaingo hitzorduari erreparatu nahi genioke, bi herritar, Zubieta eta Aginagako bi lagunek parte hartuko baitute urriaren 11ko emanaldian. Bertsotan, Asier Azpiroz Iztueta zubietarra arituko da. Bestalde, Inaxio Usarralde Arantzadi aginagarrak aurkeztuko du saioa.

Igande arratsaldeko 17:30etan Andoaingo Bastero Kulturgunean iragarria dagoen ekitaldian, Antton Fernandez Lasa, Gemma Urteaga Garmendia, Ibai Esoain Arruti, Jokin Uranga Isuskiza eta Unai Gaztelumendi Arandia izango ditu lehiakide Azpirozek. Sarrerak salgai dituzue bertsosarrerak.eus atarian; 9 eurotan arruntak, 4 eurotan gazteentzat eta 6 eurotan bazkideentzat. Honako lana egingo dute bertsolariek:

-Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso.

-Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.

-Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian bina bertso.

-Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.

-Kartzelako lana: Bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Lehen postuan sailaktzen denak, urriaren 31n Zestoan jokatuko den final-laurdenerako txartela eskuratuko du.

Finala, abenduaren 20an

Irailaren 20an Beasainen abiatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan 43 bertsolari ari dira lehiatzen. Tartean, aipatu moduan, zubietar bat; Asier Azpiroz Iztueta. Hiru hilabeteotan 15 bertso saio ospatuko dira Gipuzkoako txoko ezberdinetan. Usurbildik gertuen, final zortzirenei loturiko hitzorduetako bat Lasarten ospatu zen irailaren 27an. Zortzi bertsolari onenak, abenduaren 20an Donostiako Illunben ospatuko den final handirako sailkatuko dira.

Informazio gehiago: bertsozale.eus