Aginagako jaietako Umeen Eguna iruditan

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 9a, 14:19

Aginagako Eskola Txikiko gurasoak kide dituen Martxan Go taldeak frontoira gerturaturikoak dantza batean jarri ditu arratsaldean. Eta hala amaitu dute haur nahiz helduek, euskal abesti ezagunen erritmora dantzan, San Praixkuetako Umeen Eguna.

Puzgarriak, txokolate jana, jolasak... denetarik izan dute goizean goizetik. Ekimenen artean aipamen berezia merezi duena, Aginagako Eskola Txikiko haur nahiz gurasoek auzolanean margotu eta jada ikusgai dagoen mural eder askoa. "Eskola Txikiak herriaren hauspo. Haur, gazte eta heldu auzolanean. Etorkizunik badago" leloa darama, eta lelope horretan, Aginagako haur, gazte nahiz gurasoak ageri dira marraztuak. Benetan ateratako argazki batean oinarritua dago Ariztitxo pilotaleku aurreko plazako horman dagoen margolana.

Eskola Txikiari babesa adierazten dion ekimen hau iragarria zegoen aurretik, San Praixkuetako egitarauan. Baina Aginagako Eskola Txikiko kideek bizitako egun zailotan egokitu dira jaiak aurten, eta esanahi berezia hartu du mural margoketak.

Jaietako asteburua hasi besterik ez da egin:

Urriak 9, ostirala: Umeen Eguna

21:00 Bertso Afaria Eliza Zarrean. Bertsolariak: Agin Rezola eta Eli Pagola

01:00 Erromeria Eliza Zarrean Erokomeriren eskutik.

Urriak 10, larunbata: Oilasko Biltzaileen Eguna

06:00 Oilasko biltzaileen irteera bazterrak alaitzera. Zahar, heldu eta gazte ondo gosalduta eta txukun-txukun.

15:30 III. Emakumezkoen trainerilla txapelketa eta IX. Gizonezkoen trainerilla txapelketa.

00:30 Kontzertuak frontoian: Gozategi eta Skasti.

04:30 Eliza zarrean Aros DJ.

Berehala Eguna argitu duela? Guri bost!

Urriak 11, igandea: Gora Herria Eguna

16:00 XXXV. Mus Txapelketa Herrikoia (Inskripzioa 15:30 ireki eta 16:00 itxi) (Bikotekide batek agiñatarra izan behar du).

18:00 Leizarango Poniyak (Itziar) eta buruhandiak plazatik egurrean!

21:00 Herri Afaria frontoian.

01:00 Dantzaldia frontoian Itzarturen eskutik.

04:00 Gurru DJ Eliza Zarrean. Hortik Aurrera gorputzak eman dezakeena! AUFI! AUFI!

Urriak 12, astelehena

18:00 Helduek gazteei erronka! herriko gazte eta helduen arteko lehia ikaragarria!

19:30 Sardina eta sagardo banaketa herriko plazan trikitilariek giroa alaituko digutelarik. Aire Aireee!

Bitartean XXXIII. Toka Txapelketa Herrikoia.

Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.

Oharrak:

-Urriaren 9ko Bertso Afaritarako txartelak, 15€tan izango dira salgai Aitzagan, Arrate Egoitzan eta Sekañan.

-Herri afarirako txartelak 20€ (helduak) eta 15€ (haurrak) izango dira. Salgai: Aitzagan, Arrate Egoitzan eta Sekañan.