Oilasko biltzaileak eta estropadak egunez, Gozategi eta Skasti gauez gaur Aginagan

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 10a, 09:15

Honez gero, etxez etxeko kalejira betean behar dute Aginagako oilasko biltzaileek. Haiena dugu San Praixkuetako bigarren egun hau. Goizean zehar landa eremuan barrena ibili ostean, eguerdirako Aginaga kaxkora jaitsiko dira, gero denak batera, estropadak ikustera joateko.

10 lehiakide eta Aginagako bandera jokoan

Hitzordu klasikoan bilakatu da jada. Galdu ezin den horietako ekitaldia, eta udalerri honen ondareari begira, txoko ezin ederragoan ospatzen dena. Errioa eta erriberak, Oria ibaia Aginagako jaien erdigunean kokatuko da larunbatean, San Praixkuetako trainerila txapelketekin.

Guztira 10 talde datoz aurtengoan; 4 emakumezkoen txapelketan lehiatzera, gainerako seiak gizonezkoen txapelketan parte hartzeko. Aipatzekoa arraunlarien ahalegina. Berez atseden asteak baitira honakoak. Iraileko bigarren hamabostalditik aurrera, batzuk lehenago besteak beranduxeago amaitzen dute estropaden denboraldia. Opor garaia dute honakoa, azaroan berriz entrenatzen hasi aurretik.

Baina aurten ere Aginagako festetako txapelketan parte hartzera animatu dira, eta badute meritua. Emakumezkoetan, aipatu moduan 4 talde arituko dira lehian urriaren 10ean. Kontxako Banderako txapeldunak, eta neurketa preziatuena irabazteko lehian buru-belarri jardun zuten taldeak datoz Aginagara. Gizonezkoetan Urola-Kostako ordezkaritza zabala, etxekoekin batera. Aurten ere aginagarrak bandera irabazten ahaleginduko dira berriz. Oria ertza beste behin, maila bikaineko arraun festa handian bilakatuko da.

Arraun festa larunbatean

Eguna: urriak 10, larunbata.

Ordua: 15:30.

Tokia: Aginagan, Oria ibaian.

Partaideak:

-III. Emakumezkoen Trainerila Txapelketan: Orio, Getaria, San Juan, Hibaika.

-IX. Gizonezkoen Trainerila Txapelketan: Orio, Aia, Zarautz, Donostia, Hondarribia eta Agiña.

Urriak 10, larunbata: Oilasko Biltzaileen Eguna

06:00 Oilasko biltzaileen irteera bazterrak alaitzera. Zahar, heldu eta gazte ondo gosalduta eta txukun-txukun.

15:30 III. Emakumezkoen trainerilla txapelketa eta IX. Gizonezkoen trainerilla txapelketa.

00:30 Kontzertuak frontoian: Gozategi eta Skasti.

04:30 Eliza zarrean Aros DJ.

Berehala Eguna argitu duela? Guri bost!

Urriak 11, igandea: Gora Herria Eguna

16:00 XXXV. Mus Txapelketa Herrikoia (Inskripzioa 15:30 ireki eta 16:00 itxi) (Bikotekide batek agiñatarra izan behar du).

18:00 Leizarango Poniyak (Itziar) eta buruhandiak plazatik egurrean!

21:00 Herri Afaria frontoian.

01:00 Dantzaldia frontoian Itzarturen eskutik.

04:00 Gurru DJ Eliza Zarrean. Hortik Aurrera gorputzak eman dezakeena! AUFI! AUFI!

Urriak 12, astelehena

18:00 Helduek gazteei erronka! herriko gazte eta helduen arteko lehia ikaragarria!

19:30 Sardina eta sagardo banaketa herriko plazan trikitilariek giroa alaituko digutelarik. Aire Aireee!

Bitartean XXXIII. Toka Txapelketa Herrikoia.

Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.

Oharrak:

-Urriaren 11ko herri afarirako txartelak 20€ (helduak) eta 15€ (haurrak) izango dira. Salgai: Aitzagan, Arrate Egoitzan eta Sekañan.