Usurbil Herritar Txartel berria diseinatzeko lehiaketa antolatu da

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 13a, 10:50

Ordainketak egin eta identifikaziorako doako txartel propioa izango du Usurbilek 2016an; Usurbil Herritar Txartela. Usurbilgo Udalak eta Hurbilago Elkarteak egitasmoa aurrera ateratzeko hitzarmena sinatu zuten aurreko ostegunean. "VISA"ren parekoa izango da txartel berria. Mundu osoan baliatu ahalko da. Hurbilago Elkarteko dendetan ere bai; guneotan deskontuak eta abantailak eskainiko ditu. Eta udal zerbitzuetarako idenfikaziorako txartel gisa ere erabili ahal izango da. Zehaztasun gehiago hemen: Usurbil Herritar Txartela

Diseinu lehiaketa

Usurbil herritar txartelaren izena eta irudia hautatzeko lehiaketa irekia antolatu da. Oinarrien berri hurbilago.com atarian jaso dezakezue. Oinarrion aurrerapena doakizue hemen:


-Helburua: lehiaketa publiko eta ireki bidez, txartel berriaren izena eta irudia hautatzea.

-Nori zuzendua: banaka edo taldean, edozeinek parte hartu ahal izango du. Taldean aurkeztuz gero, taldekide bat izendatuko da lanaren arduradun.  Nahi adina lan aurkez daiteke. Lana originala, inoiz eta inon argitaratu gabea izango da.

-Diseinu lana: formatuak ohiko kreditu txartel baten neurrietara egokitua behar du izan, neurri horiek, 8,6x5,4 cm izanik. Txartelaren bi aldeetarako diseinua landu behar da; aurrealdean txartelarentzat proposatutako izena eta irudiarekin batera, VISAren ikurra ipintzeko tokia aurreikusi beharko da; txartelaren atzealdean berriz, barra kodearentzako tokia utzi beharko da eta hiru logotipo ere ipini beharko dira (Usurbilgo Udalarena, Hurbilagorena eta Nafarroako Rural Kutxarena),

Aurkeztutako lanean pertsonaren baten irudia agertuz gero, pertsona horrek lan horretan azaltzeko eta lanaren edizioa egin ahal izateko emandako baimena sinatuta aurkeztu beharko da. Lanak egiteko erabilitako teknika librea izango da eta lanak euskarri ezberdinetan aurkeztu beharko dira:

  1. a) Paper euskarrian, txartelak izango duen neurrian aurkeztua.
  2. b) Euskarri digitalean.


-Lanak aurkezteko azken eguna: azaroak 6, Usurbilgo Udalean.
 Proposamen bakoitzeko, bi gutun-azal aurkeztuko dira, –A eta B –, eta hauen kanpoaldean, ondoko datuok jasoko dira:

- Egilearen izengoitia.

- A edo B kartazala den (kasuaren arabera).

- Izenburua: “Usurbilgo herritar txartelaren diseinurako lehiaketa”

Gutun-azalen barruan sartu beharrekoa:

A gutun-azalean: diseinu egilearen  datuak, hau da,  izen-abizenak edo elkartearen izena, IFZ/IFK, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa eta hura identifikatzeko behar den beste edozein datu.

B gutun-azalean: proposatzen den diseinua joango da, euskarri digitalean eta paperean.

-Kontuan hartuko diren irizpideak: "usurbildarrak identifikatuak sentitzen garen irudia izatea baloratuko da, diseinatutako markaren balio artistiko eta sinbolikoa, komunikatzerakoan duen indarra, berritzailea izatea, erakargarria... eta aldi berean patrikan eraman behar dugun txartel baten ezaugarrietara egokituko dena".


-Hautaketa: aurkeztutako lanetatik hiru egokienak hautatuko ditu epaimahaiak. Hiru lanak jendaurreran jarriko dira erakusgai eta herri-galdeketa bidez erabakiko da hiru lanon artean, lan irabazlea.

-Epaimahaia: Usurbilgo Udalaren ordezkari 1. Hurbilago elkarteko 2 ordezkari. Diseinuaren edo komunikazioaren arloko 2 profesional.


-Saria: 500 euro irabazlearentzat.

-Deitzaileak: Usurbilgo Udala eta Hurbilago Elkartea.

-Informazio gehiago: hurbilago.com, usurbil.eus edo udaletxean.