Nafarroa hegoaldea laguntzeko Errigoraren udazkeneko kanpaina atarian gara

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 13a, 10:30

Ilusioz eta udazken parteko elkartasun kanpaina abiatzeko gogotsu da aurten ere Errigora, Nafarroa hegoaldean ekoitzitako nekazal produktuak gure artean saldu eta bildutako laguntzaren zati bat, erriberako euskalgintza suspertzera bideratzen duen proiektuaren eragilea. Iaz 79 otar saldu ziren Usurbilen. Aurtengo edizioa aurkezteko bilera bana egin zuten duela bi aste Durangon, Iruñean eta baita Usurbilen ere. 45 lagun bildu ziren Potxoenean.

“Jendea lanerako gogoz eta ilusioz ikusi dugu, kanpainari ekiteko irrikaz. 160 lagun inguru (45na Durango eta Usurbilen eta 70 Iruñean) bildu gara guztira, 60 bat herri eta hiritatik etorritako hamaika lagun: herrietan eta sarean Errigoraren kanpainak zabaltzen dihardutenak, Zazpiak bat, Sortzen, AEK eta Ikastolen elkarteko lagunak, euskararen arloko eragileak, sindikatuak, nekazariak, ekoizleak, Nafarroa hegoaldeko euskaltzaleak… Jende desberdina euskararen eta bertako ekoizpenaren alde bat eginda. Ideiak elkartrukatu ditugu, bidean agertu zaizkigun aukera berriez mintzatu gara eta euskararen, elikadura burujabetzaren, auzolanaren zein euskal lurraldeen arteko harremana sustatzearen ikuspegitik Errigorak ekarri dituen ekarpen xumeen errepasoa egin dugu”, Errigoraren esanetan.

Nafarroa hegoaldeko laguntzeko, erriberako produktuez hornituriko saskiak urriaren 21etik azaroaren 8ra eskatu ahalko dira, NOAUA! Kultur Elkartearen bidez. Zehaztasun gehiago egunotan.

Kanpaina atari honetan, "gure ibilbide laburrak emandakoaren errepasotxo bat egin nahi izan dugu, auzolanaren, elikadura burujabetzaren, euskalgintzaren edo lurralde kohesioaren ikuspegitik begiratuta". Eginiko lanketaren emaitza, albiste honi atxikitako bideoan duzue.

Irudia eta informazio gehiago: errigora.eus