Urriaren 21etik azaroaren 8ra, Errigoraren saskiak eskatzeko aukera

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 15a, 14:22

Bueltan da, "Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka. Hartu eta eman" izeneko Errigoraren elkartasun kanpaina berria. Hainbat bilera egin dira azken asteotan. Nafarroa hegoaldeko tokiko produktuak gure artean saltzearen truke, jasotakoaren %25a zonalde hartako euskalgintza laguntzera bideratuko duen ekimena martxan da aurten ere. "Bertako 15 ekoizleren primerako produktuekin bete dugu aurtengo otarra. Barietatea eta kalitatea denon eskura!", adierazi digute antolatzaileek.

Saskiok 50 eurotan eskuratu ahalko dira. Eskaerak urriaren 21etik azaroaren 8ra egin beharko dira, Usurbilen egitasmoarekin bat egin dugun NOAUA! Kultur Elkarteko egoitzan, Aizpurua Okindegian, Lizardi liburu dendan, Kaffa kafetegian eta Txiriboga, Artzabal eta Bordatxo tabernetan. Gune guztiotan, eskaera orriak eskuragarri izango dituzue. Zuen datu pertsonalekin bete eta bertan utzi. Otarrak heltzen direnean eskaera bideratu duzuenokin hartuemanetan jarriko gara.

Produktuak eta ekoizleak

-Ardo beltz botila (Azpea, Lezaun edo Mendiko).

-Litro erdiko oliba olio birjina estra botila (Bardea, Castillo de Ablitas, Ekolo edo La casa del aceite).

-Melokotoia almibarrean (Almanaque).

-Orburuak (Ebron edo Maria Jesus).

-Potxak (La Churta edo Maria Jesus).

-Kardua (Maria Jesus edo Pedro Luis).

-Mahats zukua (Ekolo).

-Almendrak (Ntra. Sra. del Rosario).

-Pikillo piper ontzi txikia (Iturri).

-Pikillo piper ontzi handia (El Escolar edo Meleta).

-Zainzuriak (Iturri).

-Melokotoi marmelada (Pedro Luis).

-Pikillo piper untapana (Almanaque).

3 proiektu lagunduko dira

Otarrok erosiz, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza lagunduko dugu. Hiru proiektuetara bideratuko da hain zuzen, jasotako laguntza guztiaren laurdena:

-Lodosa eta Vianako ikastolen biziraupenera.

-Erriberako AEKra.

-D eredua Nafarroa osora hedatzeko ekimenetara.

Nabarmen indartu den kanpaina

2012. urtean bi baino ez ziren, 5 urtebeteren buruan, 10 iaz eta aurten 15 guztira, Errigoraren elkartasun kanpainan parte hartzen ari den ekoizle kopurua. Ekimena nola hazi den erakusten duen datu esanguratsuetako bat dugu honakoa. Baina ez bakarra.

Duela hiru urte egitasmoa martxan jarri zenetik, 300.000 euroko laguntza bideratu da Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara, milioi eta erditik gorako fluxu ekonomikoa eragin du euskal lurraldeen artean, 15.000 etxe inguruk bat egin dute kanpaina hauekin, 370.000 kontserba ontzi banatu dira eta 88.000 litro olio. Iaz 79 otar saldu ziren Usurbilen.

Informazio gehiago: errigora.eus