"Gehiago ezagutzen da gure diskapazitatea, gure gaitasunak baino"

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 16a, 10:09

"Gehiago ezagutzen da gure diskapazitatea, gure gaitasunak baino", argi asko zioen Enrike Amilibiak, Atzegi Elkartearen eskualde mailako kanpaina berria aurkezteko, asteazkenean Potxoenean ospatu zen ekitaldian. Kanpaina berriak, adimen urritasuna duten lagunen bizimodua ezagutaraztea sustatu nahi du. Enrike eta bere lekukotza interesgarri askoa ezagutu nahi baduzue, ikusi albiste honi atxikitako bideoa.

Bideoa ikustean, zuetako askori ezaguna egingo zaio mutil gaztea. Irailaren 18an, 7. Topa Eszenikaren baitan estreinatu zen #Kilometroak15-en aldeko "Jendartean bidaide", Alex Tello herritarrak sortu eta zuzenduriko antzerki inklusibo arrakastatsuan parte hartu baitzuen Enrikek. Antzezlanarena ekimen aberasgarria izan da berarentzat. Eta halako esperientzia inklusibo gehiago sustatu beharko liratekeela uste du, "pertsonak ezagutu eta beraien gaitasunak bultzatzeko". Diskapazitatearen gaia, "sektore guztietan landu beharko litzateke, normaltasun batean ikusteko", zioen Enrikek Potxoeneko aurkezpen saioan. Hizlari trebe askoa da Enrike, bezperan unibertsitatean eta asteazkenean iaiotasun handiz jardun zuen jendaurrean Potxoenean.

Bere diskurtsoan argi zioen. Down sindromea duten eta ez dutenen arteko ezberdintasuna, "kromosoma bat gehiago dugula da, hori da dugun ezberdintasun bakarra. Gainerakoan, bizimodua gainerakoek bezala egin dezakegu".

"Denok dugu tokia bakoitzak beretik emateko"

Enrikeren alboan zen Alex Tello. "Jendartean bidaide" bezalako esperientzien beharra esparru guztietan dagoela azpimarratu zuen, eta gogorarazi zuenez, halako ekimen inklusiboetan "denok dugu tokia bakoitzak beretik emateko". Elkar ezagutu, elkar lagundu, elkarrekin lan egin eta ikasteko aukera, "inor baztertu gabe". Duela hilabete estreinaturiko antzezlanak horretarako guztirako aukera eman ziela zioen Tellok. Azkenean, lagun talde inklusibo eta anitza osatzekoa. Honakoa, esperientzia berria izan da Tellorentzat. Bizipen pozgarri eta aberasgarriz jositakoa. "Inklusibitatearen antzezlanak ate bat ireki dit. Eskertua sentitzen naiz, lagun berriak egin ditut", aurkezpenean zioenez.

Taldeak, antzezlanarekin batera bideoklip bat ere grabatu zuten Udarregi Ikastolako eraikin berrian. Potxoeneko aurkezpen ekitaldian proiektatu zuten. Youtuben ikus dezakezue.

Bizimoduak ezagutzeko gonbita

"Jendartean bidaide" antzezlanaren atzean dagoen taldeko kideen bizimodua ezagutzeko aukera izan du Tellok, Enrikerena tartean. Gu ere horretara gonbidatzen gaitu aurten Atzegi Elkarteak. Adimen urritasuna duten pertsonek osatzen duten kolektiboa hobeto ezagutzera. Haien errealitate anitzaz, euren eguneroko bizimoduaz, euren gaitasunez jabetzera animatzen gaituzte.

Dena dakigula uste izan arren, ziur ezusteko bat baino gehiago emango dugula. Sartu bestela, atzegi.org/horrelakoadanirebizitza/ atarian. "Ezetz asmatu?" erronkan parte hartzera animatzen gaitu Atzegik; zenbait lagunen bizimoduei buruzko galdetegia betetzera. Ia zenbat galdera zuzen erantzuten ditugun. Erronkarako baliatu duten izena, abiatu berri duten kanpaina berrirako Atzegik hautatu duen leloa da aldi berean.

Jolas honez gain, adimen urritasuna duten lagun guztiei, #HorrelakoaDaNireBizitza traolarekin argazkiak bidaltzera animatzen dituzte, "Gipuzkoako gizarte osoari euren bizitza nolakoa den kontatzeko. Argazki hauek Twitter, Facebook eta Instagramen bitartez edo WhatsApp-eko 609 703 706 zenbakira bidaliaz".

Eguneroko bizimodua, guztiontzat bera

Gure kaleetan Atzegiren kanpaina berri honen kartelak nonahi ikusiko ditugu egunotan. Kartelak pegatzeaz arduratuko da, Atzegik Usurbilen duen taldea. Potxoeneko ekitaldian parte hartu zuen. Kanpainarekin bat eginez, adimen urritasuna duten pertsonek bizimodu normala egiten dutela aldarrikatu nahi izan zuten. Ekitaldian bertan ziren Enrikeren eta Luis Mari, Olaia edota Josetxo usurbildarren bizimoduak jarri zituzten adibide gisa.

"Bizitza normala egiten dute, gainerakook egiten dugun modukoa. Hori nahi da adierazi aurtengo kanpainan", zioen, Mariaje Astigarragarekin batera Izaskun Maizek Atzegik Usurbilen duen taldeko ordezkariak.

"Oraindik aurreiritzi eta estereotipo faltsuak existitzen dira"

Eta horretan sakondu nahi dute aurten, lagun guztion bizimoduak ezagutzera eman nahi dituzte. Atzegik, "adimen urritasuna duten pertsonen bizimoduaren inguruan dagoen ezjakintasunean eragin nahi du. Oraindik kolektibo honen inguruan aurreiritzi eta estereotipo faltsuak existitzen dira, bai euren jarrera (maitagarriak dira, haurrak bezalakoak dira, ez dute iritzi propioa, …) baita euren bizimoduari dagokionez ere (ez dute lanik egiten, ez dira dibertitzen, ez dute lagunik, …)". Atzegitik, kanpaina partehartzaile eta ausart honen bitartez, aurreiritzi eta estereotipo hauek apurtu eta Gipuzkoa osoari kolektibo honen errealitatea hurbildu nahi dugu. Oso kolektibo anitza dela, eta beste edonorrekin gertatzen den bezala, baliagarria den eredu bakarra ez dagoela azpimarratu nahi dugu", diote Atzegitik.

Gogoan izan, ospatu berri dugun #Kilometroak15 ekimeneko ardatzetako bat izan dela inklusibitatearena. Atzegik ekainean aurkeztu zen Gipuzkoa inklusiboago baterako dekalogoarekin bat egin zuen.

Informazio gehiago: atzegi.org