Mintzalagun eta Zilegi Eskolak, euskara ahotan hartzeko tresnak Buruntzaldean

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 16a, 09:18

Mintzalagun, Mintzanet, Zilegi Eskolak... Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo herritarrok ez dugu aitzakiarik euskara ahotan ez hartzeko. Baliabide faltagatik ez da izango behintzat. Tresnak baditugu, denak ere euskararen erabilera sustatzeko ezinbestekoak, Buruntzaldea euskaldundu nahi badugu.

Mintzalagun

Euskararen erabilera sustatzeko tresna ezin baliagarriagoa. Astean behin kafe bat hartu, paseatu, zaletasunen bat partekatzeko gogoa izan edota antzeko planen bat egiteko agendan tartetxo bat egitea aski da. Euskaraz aritzea da bete beharreko baldintza bakarra.

Mintzalagunen parte hartzeko euskaltegi edo euskara taldeetara gerturatu eta izena eman behar da lehenik. Bilguneotan aipatu egitasmoan apuntatzen diren lagunen artean osatzen dira mintzapraktika saioetarako taldeak gero. Hortik aurrera, taldeak guztiz autonomoak dira. Hau da, mintzalagun talde bakoitzak erabakitzen du asteko ze egunetan, noiz, non eta zertarako bildu. Izan daiteke mahai baten bueltan tertulian aritzeko, ibilian asteko bizipenak partekatzeko, ekitaldiren batera gerturatzeko... Edozer izanda ere mintzagaia, komunikatzeko hizkuntzak euskara behar du izan.

Talde txikiak izaten dira, guztira 3-6 bidelari eta bidelagunez osaturikoak. Bai, bidelari eta bidelagunez ari gara. Termino hauek argitze aldera; bidelariak, euskara ikasi edo hobetzen ari direnak izendatzeko baliatzen da egun. Eta bidelagunak ahotan hartzerakoan, “euskaldun zaharrez” hitz egiten ari gara. Terminoak argituta, taldekide kopuru zehatzak izaten ditu mintzalagunek; bidelagun bat edo bi eta 2-4 bidelariz osatu daitezke.

Kontzeptu eta zenbakiotatik kanpo, anitzak dira mintzalagun taldeak. Euskaltegiko ikasleak izan daitezke, edo ez. Behar desberdinak dituzten bidelariek parte hartzen dute egitasmo honetan. Izan daiteke “euskara ikaslea, ingurune euskaldunik ez duena, edo ingurune euskalduna izan bai, baina euskaraz hitz egiten hastea gogorra egiten zaiona”, Lasarte-Oriako Muntteri eta Usurbilgo Etumeta AEK euskaltegietako arduradun Olatz Urdanpilletak azaldu digunez.

Konfidantza gunea

Guztientzat Mintzalagun euskaraz lasaitasunez aritzeko gunea da. “Lagundu egiten du. Ziurtasuna ematen du. Euskaraz ez dakienari, lehen pausoa egiten errazten dio”, dio Urdanpilletak. Mintzatzeko gutxieneko maila bat eskatzen zaio bidelariari; B1 maila.

Gainerakoan, halako esperientzietan parte hartzen duten “denek helburu bera dute, euskara. Zer kontatzen den gutxienekoa da”. Nahiz euskara ahotan hartuz partekatzen duten horrek taldea lotzen duen. Hain zuzen, euskara erabiltzeko bildu ohi diren taldeok jorratzen duten ibilbidea ikustekoa izaten da maiz. Kasu batean baino gehiagotan, hasieran euskarak lotzen ditu soilik. Euskaraz aritzeko gogoak, beharrak. Talde kideen arteko harremanak estutzen joan ahala, Urdanpilletaren esanetan, “talde dezente lagun koadrilan bihurtzen dira. Batzuk urte asko daramatzate”. Badira euskaltegia utzi arren, gerora ere Mintzalagunen jarraitzen dutenak.

Bidelagunek, “emandakoa baino gehiago jasotzen dute”

Euskaltegitik begi onez ikusten dute mintzalagun egitasmoa. AEK-ko kidearen esanetan, “izugarri eskertzen da. Helburua ondo hitz egitea izan daiteke, baina benetan hitz egitea da. Mintzalagunekin helburu hori betetzen da eta oso lagungarria da. Ikasleei beti esaten diegu, klasean egiten dena oso garrantzitsua dela, baina hortik kanpo egiten dena are garrantzitsuagoa”.

Klasean euskalduntzeko eginiko lanketan sakontzeko, klasean prestaturikoa hortik kanpo erabiltzeko, “euskaldun izatearen helbururantz oso lagungarria” da benetan. Elkar elikatze bat ematen da mintzalagunen artean. Euskara ikasten ari direnek, klasekoa mintzalagun egitasmoan praktikan jartzen dute, eta mintzapraktika saio horretan erabilitakoak euskaltegian aurrerapausoak egiteko balio die ikasleei.

Hori bidelariei dagokienean. Aipamen berezia merezi dute baita noski, bolondres lanetan jarduten duten bidelagun edo “euskaldun zaharrek”. Hasten direnek segitzen dute, esperientzia positiboa beraz. “Euskalduna izanda, hasiera batean egitasmo honetatik jaso dezakeenak ez dirudi erakargarria. Baina parte hartzen dutenek emandakoa baino gehiago jasotzen dutela diote. Esker ona jasotzen dute. Irakasle gisa dakit zer nolako poza ematen duen, gutxi edo ia batere hitz egiten ez zuen batek pixkanaka euskaraz geroz eta hobeto eta gehiago hitz egiten duela ikusteak”, dio Urdanpilletak. Argitze aldera; bidelagunak bolondresak izaten dira gehienetan, ez irakasleak. Bidelariari mintzapraktika saioetan sortzen zaizkion zalantzak euskaltegian argitzen zaizkio gero.

Mintzanet, Mintzalagun Internetez

Gugandik gertu edo urrun, edozein lekutan euskaraz aritu nahi dutenen artean elkar komunikatzeko beste tresna bat; hainbat erakunde eta eragileek sustaturiko Mintzanet proiektua. “Munduko edozer txokotan egonda ere euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzen duen proposamen berritzailea. Internet bidez, noiznahi, euskaraz mintzatzen diren lagunak topatuko dituzu. Oso erraza da! Zeuk aukeratuko duzu ordua edo zer gairi buruz hitz egin”. Aurrez aurreko mintzapraktika saioetan bezala, bidelagun eta bidelariak arituko dira euskaraz. B1 maila beharko du bidelari edo “euskaldun berriak”. Informazio gehiago: mintzanet.net.

Zilegi Eskolak

“Euskalduntze prozesua eta alfabetatzea modu naturalean lantzeko saioak” ere badira Buruntzaldean; Hernanialdeko, hau da, Astigarraga eta Hernaniko AEK euskaltegiek eskaintzen dituzten zilegi eskolak. “Herriko euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak elkarrekin arituko diren saioak dira: historia, sexualitatea, eskulanak, sukaldaritza, osasuna, jolasak, landareak, masajea, filosofia, sendabelarrak… Bertan parte hartzeko interesa besterik ez da behar. Ez dira hitzaldiak, saio dinamikoak baizik, eta partaideek eztabaidatu, hausnartu, landu, sortu…eta elkarreginez euskara landu eta gaiei buruz asko ikasteko aukera izango dute”.

Saio motibagarriak izaten dira ikasleentzat. Zilegi eskolez gain, beste udalerrietan ere aipatzekoak dira, euskaltegiek urtean zehar antolatzen dituzten hainbat tailer ere.

Informazio gehiago:

607 59 28 64 (Hernani)

607 61 06 87 (Astigarraga)

zilegieskola.blogspot.com.es

zilegieskola@aek.org

Informazio gehiago:

-Eskualdeko Euskara Zerbitzuetan. Usurbilgoa:

Irazu kalea, 20170 Usurbil

943 371 999

euskara@usurbil.eus

-Bailarako euskararen ataria: euskara.buruntzaldea.eus