Banaiz Bagara Elkartea, Buruntzaldean langileak eta lan mundua euskalduntzen

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 16a, 08:56

Jatorri ezberdinetako herritarrekin lan egiten dute. Euskaraz bizi ahal izateko tresnak eskaini nahi dizkiete, sarri gure artera etorri berriak izan eta ez hizkuntza, ezta euskal giroa ere ezagutzen ez duten lagunei. Aisialdian hasi ziren eragiten duela sei urte, baina gerora, eta dagoen eskaerari erantzun nahian, lan mundua eta langileak euskalduntzeko ahaleginean dabil Banaiz Bagara Elkartea. Elkarteko kide, Petra Elserrek dakartza zehaztasun gehiago lerrootan.

Behar batetik sortu zenuten elkartea 2009an?

Petra Elser: Batez ere ikusi genuelako, nik neuk baita, ez da hain erraza kanpotik etortzen garen pertsonak euskara ikasi edo zirkulu euskaldunetan sartzea. Printzipioz bide hori errazteko sortu zen. Elkarbizitza eta hizkuntza txertatzen dugu, zeren bereziki zaila da zirkulu euskaldunetan sartzea, bai hizkuntzagatik, aisialdiko ohiturengatik... Horregatik osatzen hasi ginen taldeak non jendea modu informal batean elkartzen zen, oinarrizko euskara ikasteko, gero euskaldunekin elkartzeko. Aisialdi tartean, kantu eta dantza saioak antolatzen hasi ginen, euskara ikasi eta praktikatzeko, eta euskaldunak ezagutzeko.

Zuen lan esparrua zabala da. Lan munduan, lagun artean, kalean eragin nahi duzue?

Azken 5-6 urteetan batez ere aisialdian lan egin dugu. Buruntzaldean existitzen da gaur egun talde bat, bai aisialdian eta jendarteko harremanetan zentratua dagoena, Urnietan.

Baina azken bi urteotan ikusi dugu, ezinbestekoa zela lan munduan zerbait egitea. Jendearentzat, baina batez ere hona lan egitera datozenentzat lanak baitu lehentasuna. Lanak beste gauza asko guztiz baldintzatzen ditu.

Euskaraplus egitasmoaz ari zara?

Bai. Printzipioz bi herritan, Hernanin eta Andoainen jada martxan jarri dugu Euskaraplus proiektua. Jendearen erantzuna oso ona izan da. Oso ondo funtzionatu du, jendearengana lanbide orientatzailearen bidez iristen baikara.

Enplegatzaile eta enplegatuen arteko zubi lana egiten duzue?

Ikastaro oso praktikoak ematen ditugu, laneko komunikazioa eta hizkuntza lantzeko. Denak dira laneko simulazioak; benetako tresnekin, benetako lan egoerak antzezten ditugu. Batzuentzat errazagoa da hizkuntza modu honetan ikastea beste modu batean baino. Gero aztertzen dugu zein enpresak edo zein enplegatzaileek eskatzen dituzten langile euskaldunak, euskaraz zerbait dakitenak, edo euskara ikasteko prest daudenak. Hizkuntzarekin jarrera positiboak dutenak alegia. Saiatzen gara zubi lana egiten, kontratatzailearen eta lana bilatzen ari direnen artean. Gure ikastaroetan parte hartu duten ikasleak gero lanpoltsa batean sartzen dira. Beraiekin harremanetan jartzen gara eta ateratzen diren lan eskaintzak bidaltzen dizkiegu. Jarraipen bat ere egiten diegu lana bilatzeko prozesuan, eta baita ere, lana aurkituz gero lanean atera litekeen komunikazio egoerak lantzeko eta ikasten jarraitzeko. Enplegatzaileen aldetik ere izan ditugu dei batzuk. Tabernariek deitu digute. Lana bilatu duten bi pertsona ditugu; batek zaintza arloan familia batean lan egiten du. Eta beste batek taberna batean. Dei gehiago izan ditugu eta kurrikulum gehiago bidali ditugu. Hemendik aurrera erantzun gehiago izatea espero dugu. Enpresek gu ezagutu eta poliki poliki erreferente batean bihurtzea, hori da asmoa.

Aurtengo ikastaroak bukatu dituzue. Noizko saio gehiago?

Buruntzaldean aurtengoa bukatu da. Orain datorren urteko ikastaroak prestatzera goaz. Jende gehiagorengana heltzea espero dugu. Ikastaroez gain, euskara moduluak eskaintzen ditugu, 4 orduko tailerrak.

Herriz herri zer egitasmo bideratu dituzue?

Urritik aurrera berriz martxan izango da Urnietan, euskara ikasteko talde ireki bat. Parte hartu ahal da bertan. Andoainen bi ikastaro egin ditugu; ostalaritza eta pertsonen zaintzaren ingurukoak. Hernanin 3 egin ditugu; pertsonen zaintza, ostalaritza eta metalgintza. Aurten Lasarten ez dugu talderik izan. Astigarragan eta Usurbilen orain arte inoiz ez dugu ikastarorik egin. Gure asmoa, datorren urteari begira, Euskaraplus proiektua Buruntzaldea osoan eskaintzen saiatzea da.

Informazio gehiago:

euskaraplus.eus

Twitter: @banaiga

Facebook: Banaiz Bagara

Informazio gehiagorako, euskara zerbitzuetara jo

Andoaingo Euskara Zerbitzua:

Goiko Plaza z/g 20140 Andoain

943 300 831

euskarazerbitzua@andoain.eus

Astigarragako Euskara Zerbitzua:

Foru Enparantza 13. 20115 Astigarraga

943 335 064

au.kultura@astigarraga.net

Hernaniko Euskara Zerbitzua:

Gudarien plaza 1, 20120 Hernani

943 337 029

euskara@hernani.eus

Lasarte-Oriako Euskara Zerbitzua:

Kale Nagusia 22, 20160 Lasarte-Oria

943 376 184

euskara@lasarte-oria.eus

Urnietako Euskara Zerbitzua:

San Juan z/g, 20130 Urnieta

943 008 033

euskara@urnieta.eus

Usurbilgo Euskara Zerbitzua:

Irazu kalea, 20170 Usurbil

943 371 999

euskara@usurbil.eus

Bailarako euskararen ataria: euskara.buruntzaldea.eus