Usurbilgo KMK15-en ostean, Nafarroa Oinez igandean Baztanen

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 16a, 09:34

Urriaren 4an Usurbilen ospaturiko #Kilometroak15 ekimena igaro berritan, 2015eko ikastolen jaialdiei amaiera emateko, Nafarroa Oinez igande honetan urriaren 18an Baztanen, "Hamabortz, ama bat" lelopean. Baztan ikastola laguntzeko baliatuko da jaialdia, aipatu ikastetxeko Haur eta Lehen Hezkuntzako azpiegiturak hobetzeko.

33 urteren ostean bigarrenez ospatuko da Nafarroa Oinez Baztanen. Azpiegiturez gain, ikastolakoen esanetan, "gure helburuak funtsean ez dira aldatu: eskuara oinarri duen irakaskuntza bultzatzea, eskuaran oinarritutako eleaniztasuna lortzea. Gure kultura ezagutzea eta gainerakoei ateak zabaltzea; gure seme-alabak aniztasunean, berdintasunean, elkartasunean eta partaidetzan haztea, errespetuan, balore demokratikoak aintzat hartuz".

Leloa eta logoa

Urriaren 18ko jaialdirako hautatu duten leloa eta logoaren esanahaia honela deskribatzen dute antolatzaileek. "Hamabortz ikastola ari dira Nafarroan eskuararen haziak oparo lora daitezen egunez egun ekinean. Hamabortz herrik marrazten dute Baztan Bailara. Hama… bortz, eta Ama… bat. Ama hizkuntza. Eskuara. Seme-alaba guziok bere altzoan maitekiro hartzen gaituena. Amak erakutsi digu eskuaraz solasten, eskuara maitatzen eta zaintzen. Oinez, urratsez urrats egin dugu eta egiten ari gara gure hizkuntzaren bidea eta, hortaz, oina da gure ikurra.

Hamabortz ikastolek osatutako oina, hamabortz herriek koloreztatutakoa, denok batera, eskuararen alde sendo eginez aitzinet. 1982an bi oin izan ziren gure ikurra, oraingoan bakarra. Eskuarak beti behar duelakoz bulkaldia eta ezinbertzekoa da urratsak egiten jarraitzea. Eskuara osasunez elika dadin ezinbertzekoa baita hauspotzea, zaintzea eta maitatzea".

4 gune eta ekitaldi mordoa

Kontzertuak, haurrentzako ikuskizunak, Erronka, emanaldi ibiltariak... Denetarik izango da igandean Nafarroa Oinezen:

Nafarroa Oinez: egitaraua eta zirkuitua

Informazio gehiago: nafarroaoinez.net