Aitzaga ixteko erabakiaren zain dela ospatuko da, azaroaren 1eko Artisautza Azoka

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 19a, 11:58

Arrakastatsua suertatu da azaroaren 1erako antolatzen ari den Artisautza Azokan postuak jartzeko, Aitzaga Elkarteak egin duen artisauei zuzenduriko izen emateko deialdiak. Urriaren 10era arte finkatu zuten epearen baitan, 60 eskaera inguru jaso zituzten. Aurkeztu diren artisau guztion artean aukeraketa egin behar izan dute, azoka frontoian ospatzea nahi baitute, eta noski, lekua mugatua da. Guztira, 30 postu inguru izango ditu hogeigarren edizioak.

Denetariko erakusmahaiak. “Ukendu, txotxongilo, gozogintza, esnekiak, kontserbak, bitxiak, harriak, egurra nola lantzen den, jostailuak, metala, beira, otarrak, zeramika, haziak, larrua, jantziak eta abar ikusteko aukera izango dugu”, antolatzaileek aurreratu dutenez. Hitzordua, oraingoan igandean egokitu den azaroaren lehen egunean urtero legez, goizeko 11:00etatik aurrera Usurbilgo frontoian.

Aitzaga, ixteko erabakiaren zain

Sei urtez itxita egon zen lehen. Orain berriz ixteko aginduaren zain da Aitzaga. “Erasoak ez du etenik eta Hego Euskal Herriko beste ehun elkarte baino gehiagorekin batera, Aitzaga Madrildik, ixteko erabakiaren zain dago”, ohartarazten dute azokako antolatzaileek. Halere, “egoera erosoa ez izan arren”, elkarteko kideek lanean jarraitzeko asmo argia dute. “Nahiz eta lehen sei urtez elkartea itxi ziguten, orain ere berdina egingo diguten mehatxupean egon, azokak aurrera darrai eta erronkari eutsiz, urtero bezala hor izango dugu guztion ikusgarri”, Aitzaga Elkartekoen esanetan.

Bertaratzeko gonbita luzatzen dute azaroaren lehenean. “Egun horretan erasoari aurre egin eta goizeko 11:00etatik aurrera herriko plazan izango garenez, ikusi eta erosketak eginez gozatu ezazue”. Artisau postuen artean, herriko gaztain egile koadrila bertan izango da, eta adi, baita talogileak ere. Usurbilgo talogile taldea eraberritu dute, eta tradizio luzeari segida emango diote azaroaren lehenean.