Dominika Agergarairen heriotza, Usurbilen ere sentitu da

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 20a, 11:40

Dominika Agergarai, abeslari, laborari eta irrati esatari zuberotarra zendu da. Zuberoa ezagutarazi eta Ipar-Hegoa harremanak sendotzen lan handia eginikoa dugu Agergarai. Musikaren Eguneko sortzaileetakoa, hainbat maskarada eta pastoraletan parte hartu zuen, Biltxokoa elkarteko kidea ere bazen, pilotazaletasuna sustatzen aritutakoa dugu, sindikalista, Azkorria gazta kooperatibaren sortzailea...

57 urte zituen Urdiñarbeko bizilaguna ezaguna zen bai Zuberoan baita Euskal Herrian ere. Usurbildarrekin ere bazuen loturarik. Heriotza honen harira, honako eskertza eta zuberotarraren omenezko idatzia helarazi digu Iñaki Agirresarobe herritarrak. Segidan duzue osorik. Agergarairen aldeko hileta elizkizuna, ostegun arratsaldeko 16:00etan egingo dute, Urdiñarbeko elizan:

Dominike artzainaren itzala

Urdiñabetar Dominike Agergarai joan zaigu Orhiko eta Ahüzkiko magaletatik. Bere kantua, bere Xiberoko kulturarekiko maitasuna, pilotazaletasuna, lurraldetasuna, eskuzabaltasuna gurekin utzi ditu. Bera izan da Xiberoa zer den ulertarazteko, harremanak sortzeko, Hegoaldea eta Iparraldeko langa hautsarazteko, kantuaren doinuaz gozaratzeko... Itzal handia utzi digu oraindik hankekin lurra zapaltzeko zoria dugunontzat. Dena den, bere irrifarra, gauzak alai ikusteko ikuspegia, kantuarekiko atxekimendua, gurekin emango ditugu. Usurbilek eta Urdiñarbek 20 urteko senidetzan lotura trinkoak dituzte eta beste hainbestetan jarraitzeko itxaropena dute.

Eskerrik hanitx, Dominike!!!

Iñaki Agirresarobe