Elkarretaratzea asteazkenean 12:00etan Atallun, azken lan istripua salatzeko

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 20a, 13:11

Atzo arratsaldean Atallun izandako lan istripuaren harira, LAB sindikatuak "Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea" aldarripean elkarretaratzea deitu du, asteazken eguerdiko 12:00etan, Atallu industriagunera sartzeko Ingemar aurrean dagoen errotondan. Lan istripuz Euskal Herrian hil den 37. langilearen heriotza salatuko da bertan.

Gogoan izan, atzo Atallu industriaguneko enpresa batean langile bat hil zela, aldamio batetik erorita. Arratsaldeko 16:30etan gertatu zen ezbeharra. Langile autonomo bat, pabilioi batean lan batzuk egiteko jarri duen aldamio batetik behera erori eta hil egin zen, argitzeke dauden arrazoiengatik. Zumarragako 56 urteko gizonezkoa da hildakoa.

Usurbilen lan istripuak eragindako azken heriotza 2014ko urtarrilaren 30ean jazo zen, Luzuriaga enpresan. Lan istripu hura salatzeko aipatu enpresa atarian eta herrian egin ziren mobilizazioak dituzue ondoko irudietan.

Lan istripuaren harira egin diren deialdiak

Urriak 20, asteartea

19:00 Ezohiko eta premiazko osoko bilkura udalbatza aretoan.

Deitzailea: Usurbilgo Udala.

Urriak 21, asteazkena

12:00 Elkarretaratzea "Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea" aldarripean, Atallura sartzeko errotondan (Ingemar aurrean).

Deitzailea: LAB sindikatua.