Atxegaldeko etxe atarietan jarritako oharren bidez gogorarazia zuen Iberdrolak, Mahaspildegi Elkarte ondoan dagoen argindar postearen inguruan egin beharreko lan batzuk tarteko, argindar zerbitzuan gutxienez ordubeteko etenaldia izango zela astearte goizean. Bizilagunak jakinaren gainean ziren eta aurreikusi bezala, 9:00etarako ez zen argirik auzoan. Atxegaldetarrak ordea, ustekabean harrapatu zituen bart, argindarra bigarren aldiz etenda geratu zenean. Atzo gauean Atxegalde ilunpean geratu zen ordu batzuez.
Irudian duzuen Erdiko kalean kokatua dagoen transformagailuaren inguruetan izandako matxura batek eragin zuen bart gaueko argi etenaldia. Mahaspildegi inguruko argindar postean lan batzuk egin ahal izateko generadore bat jarria zegoen eta matxurak izan zituen. Gasoil ihesa izan zuen eta kea botatzen hasi zen. Egoera honen aurrean, Ertzaintza edota suhiltzaileak ere bertaratu ziren Atxegaldera, nahiz Udaltzaingotik berri eman digutenez, ez zuten inolako esku-hartzerik egin behar izan.
Normaltasuna nagusi
Auzoko bizilagun batek helarazi digun bideoa duzue atxikia albiste honi. Hain zuzen, auzotarren deiei erantzunez, Ertzaintza eta suhiltzaileak auzora gerturatu zireneko unea ikus dezakezue. Argindarra astearte gauean bertan itzuli zen Atxegaldera. Asteazken goiz honetan, Iberdrolako kamioi bat zegoen bertan. Itxura guztien arabera, egin beharreko lanak amaituta, generadorea garraiatzeko prest zegoen. Oraindik zintaz inguratua zegoen gunea.
Momentuz, beste matxurarik ez bada behintzat, ez da aurreikusten beste argi etenaldirik.