Astelehenean Atallu industriagunean lan istripuz hildako langilearekin 41 dira jada, 2015. urte honetan beharrean ari zirela zendu diren euskal herritarrak. Halakorik errepika ez dadin eta azken heriotza hau salatzeko "Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea" aldarripean, elkarretaratzea egin da asteazken eguerdi honetan, Atallura sartzeko errotondaren bueltan. ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek, euskal gehiengo sindikalak alegia, bat egin du mobilizazioarekin. "Lan istripu gehiago eman ez daitezen neurriak hartzea ezinbestekoa da eta hori aldarrikatu dugu gaurkoan ere", LAB sindikatutik berri eman dutenez.
Gogoan izan, astelehenean Atallu industriaguneko enpresa batean langile bat hil zela, aldamio batetik erorita. Arratsaldeko 16:30etan gertatu zen ezbeharra. Langile autonomo bat, pabilioi batean lan batzuk egiteko jarri duen aldamio batetik behera erori eta hil egin zen, argitzeke dauden arrazoiengatik. Zumarragako 56 urteko gizonezkoa da hildakoa.
ELA: "Gasteizko Gobernuari neurri eraginkorrak hartzeko eskatzen diogu"
"Lehenik eta behin hildakoaren senitarteko eta lankideei gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu, azken lan-istripu honen ondorio beltzen harira gure haserre eta kezka bizia erakutsi nahi dugun aldi berean.
Argi dago lanean gertatzen diren heriotzak ez direla gertaera isolatu edota zorte txarraren ondorio, baizik eta lan-baldintzen etengabeko prekarizazioa eragin eta neurri handienean langileriak pairatzen dugun lan-ezbehar konpuru onartezin honen agerpena dakarren lan-harreman eredu honen ondorio garbia direla.
Horretaz gain, azken boladan gertatutako lan-ezbehar kopuruaren handitzea langileok inolaz ere sumatzen ez dugun balizko berrindartze ekonomikoari lotu nahi izatea guztiz onartezina iruditzen zaigu, are gehiago patronalaren esparruetatik berrindartzearen aurrean handitze hau onartzera behartuta gaudenaren baieztapenak egiten direnean.
Zentzu horretan, EAEko Gobernuak iragarritako murrizketek izango duten eraginaren aurrean gure kezka adierazi nahi dugu, kontuan hartzekoa baita azken urteetan Lan-Osasun eta Segurtasunean ardura duten erakundeen ekintzak eta hauetara bideratutako errekurtsoak goitik-beherra etorri direla. Hala eta guztiz, Osalan eta Lan-ikuskaritzari beraien ardurak bete eta lan-istripu honen arrazoiak eta ondorioz leudeken balizko ardurak argitzeko ikerketa sakona egiteko eskatzen diegu.
Era berean, Gasteizko Gobernuari ezbehar kopuruaren handitzea geldiarazteko berehalako neurri eraginkorrak hartzeko eskatzen diogu, honen jatorrian kokatzen diren lan-prekarietateari lotutako faktoreei mugak jarriz (kontrolik gabeko azpikontratazioa, behin-behinekotasuneko kontratazioa, lanegun bukaezinak, lan-erritmo jasangaitzak, ...), eta Lan-osasun eta segurtasunari dagokionean enpresen gaineko kontrola areagotuz".