Jose Luis Zumetarena, 50. Durangoko Azokaren kartela

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 21a, 10:25

"Ilusio handia egin zidan eskaria jaso nuenean, Azoka oso garrantzitsua baita euskal kulturarentzat, eta baita arte plastikoentzat ere. Ez nuen espero horrelako eskari bat jasotzea, eta motibazio handiarekin egin dut", dio Jose Luis Zumetak. Berak landutakoa da, abenduaren 4tik 8ra ospatuko den Durangoko Azokaren 50. edizioko kartela. Gaur aurkeztu dute jendaurrean. Mende erdia bete du azokak, eta urteurren borobil honetan heldu zaio Zumetari, kartela lantzeko proposamena. "Azokak gero eta indar gehiago dauka, gero eta hobeto antolatzen da, gero eta oihartzun zabalagoa du... Berezia izan da niretzat lan hau egitea", adierazi die Zumetak azokako antolatzaileei.

Kartela bizi duen momentuari lotua dagoela dio artista usurbildarrak. Baina era berean lan irekia dela dio. "Lan irekia da, eta bakoitzak bere erantzuna eman beharko dio... Pertsona bakoitzak bere modura ulertuko du. Nik uste lanek ez dutela erredundantzia gehiegirik behar, bakoitzak eman behar diola erantzuna...", Zumetaren esanetan.

Omenduak, azokaren sortzaileak

Berezia izango da oso, datorren 50. edizioa. Argizaiola Saria azokako sortzaileei emango zaie eta azokako historia biltzen duen liburua ere argitaratuko dute. Edizio borobil honen atarian, siglekin osaturiko marka berria estreinatu du azokak; "DA!".

Abenduaren 4tik 8ra ospatuko den Durangoko Azokaren berri, atari honetan aurki dezakezue: durangokoazoka.com