"Umorea eta politika" 19:00etan Sutegin, Nafartarrak taldekoen hitzaldi zikloa borobiltzeko

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 22a, 08:59

Asisko Urmeneta, Olaia Aldaz eta Uxoa Anduaga hirukotea Sutegira dator ostegun honetan 19:00etan, Nafartarrak taldeak antolaturiko "Umorea eta politika" hitzaldia eskaintzera. "Umorea ospe oneko kategoria da. Zoriona, osasuna, munduko bakea edo maitasuna bezain estimatua dela esango genuke. Hala ere, umoreak ertz asko ditu. Barru-barruraino iristen zaigu, eta zorroztasuna, asmo txarra, minberatasuna edo sentimenduak ditu bidelagun. Ez beti onerako, gainera. Izan ere, umorea sarriegi erabili izan da iseka egiteko, barregarri uzteko, mespretxatzeko, zauritzeko...

Eta zer gertatzen da kolektibitate, gizarte-talde, herri edota boterearen beraren espazioan kokatzen garenean? Arma politikoa izan daiteke umorea? Nola ulertzen dugu juduei buruzko umorea –haien sarraskiaren aurretik–, ijituei buruzkoa edota guri, euskaldunoi buruzkoa? Nabarraldek Haria aldizkariaren ale bat plazaratu zuen kontu horiei buruz. Orain, gogoeta horretan parte hartu zutenetako batzuk, Asisko Urmeneta, Olatz Aldaz eta Uxoa Anduaga alegia, mahai-inguru batean izango ditugu, gai korapilatsu horretan sakontzeko". Hortik aurrerakoen berri, ostegun arratsalde honetan 19:00etan Sutegin.