"PNV-PSEk San Markon gehien birziklatzen duten herriak ekonomikoki itotzen jarraitu nahi dute"

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 22a, 13:24

"PNV-PSEk San Markon gehien birziklatzen duten herriak ekonomikoki itotzen jarraitu nahi dute. Herriok ez dagokien dirutza ordaintzen jarraitzera behartu nahi dituzte, agonia luzatu eta gutxiago sortzeko ahalegina egiten dutenak zigortuaz. EHBildutik argi dugu hau herritarren kontra jarritako errekurtsoa dela", Mankomunitateko kide diren udaletako EHBilduren ordezkariek, goizean agerraldi bidez salatu dutenez.

EH Bilduk salaketa aurkeztu zuen, hondakin gutxien sortzen duten San Marko Mankomunitateko udalerriek ordaindu beharreko kopurua gehiegizkoa eta injustua zela iritzita. EAEko Auzitegi Nagusiak uztailean argitara eman zuen epaia eta epai haren aurka helegitea aurkeztu dute EAJ-PNV eta PSE alderdiek. Helegite hau salatu dute hain zuzen, EHBilduko ordezkariek ostegun honetako agerraldian eta abokatu bidez, epaia "kautelarki aplikatzeko" eskatu dute.

Jasotako zerbitzuaren arabera ordaintzea

Koaliziotik nabarmendu dutenez, EAEko Auzitegi Nagusiaren "sententzia argia da. San Marko osatzen dugun herriok jasotzen dugun zerbitzuaren araberako ordainketa egin behar dugu, eta ez orain arteko moduan, populazioaren proportzioaren arabera. Gainera, gaikako bilketa maila altuenak dituzten herriek, gutxiago birziklatzen duten herrien hainbat zerbitzu ordaintzera behartu gaituzte, eta beraz, Astigarraga, Hernani, Lezo, Oiartzun, Pasaia edo Usurbil bezalako herrien artean, Donostia, Lasarte-Oria, Errenteria eta Urnietaren hondakinen bilketako hainbat zerbitzu ordaindu ditugu", San Markoko udalerrietako EHBilduko ordezkariek adierazi dutenez.

"Ez da justua"

Epaiak duela urtebete San Marko Mankomunitateko lehendakari Denis Itxasok esandakoa gezurtatzen duela diote. "Astigarraga, Hernani, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Usurbilgo Udalek 262.000 euroko zorra zutela adierazi zuen", gogorarazi dute. Gaineratu dutenez, "Denis Itxasok berak, San Marko Mankomunitateko batzarrean, zenbait herrik gaia epaitegietara eraman izanez pozten zela adierazi zigun, horrela erabakia irmoa eta zalantzarik gabekoa izango zelako. Berak zor horren aurrean kontundentziaz jokatuko zuela ere mehatxatu zuen".

Orain, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia eskutan, Itxasori, "bere hitzekin kontsekuente izateko" eskatzen diote EHBilduko ordezkariek, eta "egungo hondakinen kudeaketa gastuak injustuak izateari" uztea. Udalerri bakoitzak sortutako hondakinen arabera ordaintzea defendatzen du koalizioak, "ez da justua, esfortzu hori egiten ez dutenen maila berean ordaintzea".

Epaia aplikatuta, EHBilduren arabera, urtero gutxiago ordaintzea dagokie, San Marko Mankomunitatean gehien birziklatzen duten udaloi:

-Usurbilek 3.700 euro gutxiago.

-Astigarragak 30.000 euro gutxiago.

-Hernanik 114.000 euro gutxiago.

-Lezok 36.000 euro gutxiago.

-Oiartzunek 60.000 euro gutxiago.

-Pasaiak 93.000 euro gutxiago.

Iturria: EHBildu.