Sormena landu eta haur bati baino gehiagori ikara sortzen dieten buruhandiei beldurra galtzen laguntzeko ekimena antolatu du Lauburu, Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak eta Txirinbolo dendak, larunbat honetarako, urriak 31, 17:00etatik aurrera frontoian. Karetak lantzeko tailerraz ari gara. Guraso eta haurrei zuzenduriko ekimen honetan, eginak aurkituko dituzten ereduak baliatuz aurpegirako estalkiok landu ahalko dituzte. Beharrezko materiala bertan banatuko da. “Hurbil dadila jendea. Ondo pasako dugu. Gurasoek ideiak izan ditzakete karetak egiteko. Haurrei erabiliko duten zerbait egin ahalko dute”, dio buruhandiak egiten dituen Angel Trullen Txirinbolo dendako langileak.
Musikak girotuko du tailerra. Konpartsak ere erraldoi eta buruhandiak pilotalekura eramango ditu, nahi duenak probak egin eta konpartsaren berri izateko. “Norbaitek interesa badu edo mundu honetan sartu nahi badu, etorri eta probatu. Harrobi polit bat sortu eta konpartsak aurrera segitzea nahi genuke”, diote Lauburuko kide, Iñigo eta Andoni Arzallus, Manex Irabazabal eta Jon Mikel Elexpek.
Konpartsan parte hartzeko, 12-13 urte eta 1,40 metrotik gorako altuera izatea eskatzen da. Eskertuko lituzkete kide berriak, “normalean buruhandi guztiak ez ditugu ateratzen” eta.
Eskuz landutakoa, kalejirarako
Larunbateko tailerrean lantzen hasitakoa gero etxean bukatu eta borobildu ahalko da. Bezperan eginikoa gainera, igandean ospatuko den Artisautza Azokaren bueltan antolatu duten erraldoi eta buruhandien kalejiran erakutsi ahalko dute. “Haurrei kareta hauekin gurekin igandeko desfilean parte hartzeko deialdia egin nahi genieke”, adierazi dute.
Inauteri Festan, San Ixidro Egunean, Santixabeletan edota Herri Anitza jaialdian parte hartu du Lauburu Konpartsak. Artisautza Azokaren ostean, beste ekitaldirik suertatzen ez bazaie, inauteriak arte ez dira berriz kalera aterako.
Hitzordu bikoitza
Urriak 31, larunbata
17:00-19:00 Karetak egiteko tailerra frontoian, haur nahiz helduentzat.
Azaroak 1, igandea
12:00ak aldera, erraldoi eta buruhandien kalejira udaletxetik abiatuta: Artzabal aldera joko dute lehenik, eta gero Kaxkora.