Hitzordua, asteazken honetarako, urriaren 28rako finkatu du Usurbilgo EHBilduk, arratsaldeko 19:00etan Potxoenean. Bertan, sare sozialen bidez berri eman dutenez, "Kongresurako zein Senaturako Gipuzkoako hautagaiak aukeratuko ditugu". Bozketa honez gain, Usurbilgo udal gobernuaren programa aurkeztu eta Usurbilgo EHBilduren osaketaz jardungo dute.
Xabier Mikel Errekondo, hautagaien artean
8 hautagai daude aukeran Gipuzkoan. Usurbildar bat tartean; 2007-11 urte artean udalerri honetako alkate eta azken lau urteotan, Madrilgo Kongresuan Amaiur koalizioko diputatu izan den Xabier Mikel Errekondo Saltsamendi. Zortziko hautagai taldean dira baita, Marian Beitialarrangoitia Lizarralde, Maider Karrere, Ander Rodriguez Lejarza, Urko Aiartza Azurtza, Maite Sarasua Letamendia, Lohitzune Txarola Gurrutxaga eta Alberto Unamunzaga Osoro.
Aurreko asteazkenean ospatu zen Madrilgo Diputatuen Kongresuan, legegintzaldi amaierako azken bilkura. Bertan ziren azken lau urteotan Amaiur koalizioko kide izan direnak; Iker Urbina, Rafa Larreina, Onintza Enbeita (Iñaki Antigüedad ordezkatuz), Jon Iñarritu, Maite Aristegi, Sabino Cuadra, eta aipatu moduan, Xabier Mikel Errekondo.
Hauteskundeetako egutegia
Ofizialki, astelehen honetan deitu dituzte abenduaren 20ko hauteskundeak. Astearte honetako Estatuko Aldizkari Ofizialak dakartza, Espainiako Gorteak eraberrituko dituen hitzorduaren inguruko zehaztasun gehiago. Madrilgo Kongresuan, legegintzaldi berrian Hego Euskal Herriak eragile politiko ezberdinetako 23 diputatu izango ditu; 6 Gipuzkoak, 8 Bizkaiak, 4 Arabak eta 5 Nafarroak. Datozen hauteskundeei begira, honako egutegi hau finkatu dute:
-Abenduak 4-18: hauteskunde kanpaina.
-Abenduak 19: hausnarketarako eguna.
-Abenduak 20: 09:00-20:00 artean, hauteslekuetan bozkatzeko aukera.
-Urtarrilak 13: hauteskundeetako emaitzak aintzakotzat hartuta, erakundeak osatzeko eguna.