Urtarriletik aurrera ez da diru gehiago ordaindu beharrik izango, herri barruko taxi zerbitzua baliatzeagatik. Datorren urtean ere, bere horretan mantenduko dira Usurbilgo taxi zerbitzuetako tarifak. Modu honetan, Usurbilgo Udalak bat egin du Buruntzaldean dauden bi taxi elkarteek eginiko proposamenekin. Agitax eta G.Taxi elkarteek hain zuzen, 2016rako taxi tarifak ez garestitzea eskatzen dute. Astearte honetan egin den osoko ohiko bilkuran, udalbatzak erabateko babesa eman dio bi taxi elkarteon planteamenduari.
Udalbatzak hartutako erabakiaren berri emango diote orain, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari, "behin betiko onespena eman dezan". Erabakiaren ziurtagiria helaraziko zaie baita, "herriko taxi titularrei, G.TAXI eta AGITAX elkarteei, Foru Aldundiko Garraio Departamentuari eta Gasteizko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko arduradunari".
Pleno honen aurretik, igaro den urriaren 2an Buruntzaldeko udal ordezkariak, bi taxi elkarteetako kideak eta zenbait taxi titular bildu ziren gai honi buruz hitz egiteko. Agitax eta G.Taxi elkarteek eginiko proposamenak aho batez onartu zituzten bilkura hartan. Baita gerora eginiko Udaleko Zerbitzuak eta Obrak Batzordean ere. Udalbatzak ere bat egin du astearte honetan.
Honenbestez, honako hauek izango dira 2016an aplikatuko diren taxi tarifak:
Tarifa 1 (lanegunetan, 7:00-22:00 artean):
Gutxiena: 5,12.
Egindako kilometroak: 1,0885.
Itxaro ordua: 20,8880.
Tarifa 2 (egunero, 22:00-07:00 artean; larunbat, igande, jai egun eta abenduaren 24 eta 31n, 7:00-22:00 artean ere bai)
Gutxiena: 6,1028.
Egindako kilometroak: 1,7436.
Itxaro ordua: 32,8274.