Bizikidetzan sakontzeko gonbita gobernu taldetik udal taldeei

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 28a, 18:18

Irailaren 23an hainbat pintada egin zituzten ezezagunek, EAJ-PNV-k Usurbilen duen egoitzan. Handik astebetera egin zen osoko ohiko bilkura amaieran, galdera eta eskaeren atalean, gainerako udal taldeei gertaera honi loturiko oharra banatu eta irakurri zuten jeltzaleek. Hiru puntuko testuan, aipatu ekintza salatzea, bizikidetza eta errespetuaren alde agertzea, eta pintadak ahal bezain laster garbitzea eskatzen zioten udalbatzari. Bizikidetza bultzatzearekin bat egiten zutela, eskaerak jasota geratzen zirela, hartuemanetan izango zirela eta gaiaz lasaiago hitz egiteko asmoa agertu zuen gobernu taldetik, Xabier Arregi alkateak.

"Bakearen eta bizikidetzaren alde"

Astearte honetan eginiko osoko bilkuran etorri da EAJ-k duela hilabete eginiko eskaeren aurreko EHBilduren erantzuna, adierazpen moduan. "Usurbilgo EHBilduren udal taldeak garbi adierazi nahi du bakearen eta bizikidetzaren alde daukan konpromisoa", dio alkateak osoko bilkuran irakurritako testuak. EAJ-ren egoitza atarian eginiko pintadak ez dituzte ontzat hartzen, baina jeltzaleek pintadak kentzeko eginiko eskaerari dagokionez, "iruditzen zaigu ez dela Udalaren zeregina lokal pribatuetako pintadak garbitzea".

Pintaden aurrean gobernu taldetik erakutsitako jarrera positibotzat jo zuen EAJ-PNV taldeak. Aldiz, pintadak Baigorrin izandako atxiloketen ondorenean izan zirela dio EHBilduren adierazpenak eta honen harira, "ekintza justifikatua dagoela dirudi" zioten EAJ-tik astearteko osoko bilkuran irakurri zuten adierazpenean. Duela hilabete egoitza atarian eginiko pintadak kentzeko eskaera ere berretsi zuten.

Atxiloketei buruz EHBilduren testuan egiten den aipamena, egileek pintadak egiteko zituzten zergatiei loturikoa ez dela, baizik eta, egun haietako "testuinguru politikoan" kokatzeko zela adierazi zuen alkateak.

Pintadei dagokienez gobernu taldeak ere bere jarrera berretsi zuen, "lokal pribatuetako pintadak kentzea Udalak ez du zertan bere gain hartu behar" zioen alkateak. Neurriz kanpokoa litzateke eta bestela, Arregik gaineratzen zuenez, halako egoeren aurrean Udalak bere gain hartu beharko lukeen erantzukizuna.

Elkarlanerako deia

Bizikidetzan Euskal Herriko hainbat udalerrietan eman diren urratsak eredugarritzat joz, Usurbilen ere aurrerapausoak emateko gonbita luzatu zien alkateak udal taldeei. "Eskua luzatzen dizuegu, bakea eta bizikidetzan eginiko ahaleginei bidea emateko". Bere ustez, beste hainbat herrietan gertatzen ari den moduan, Usurbilek ere "baldintza egokiak ditu elkarlan horretarako".

Segidan duzue, Usurbilgo EHBilduk, EAJ-PNV-ren eskariei erantzuteko atzoko osoko bilkuran aurkezturiko adierazpena bere osotasunean: