Munduko dantzen eta euskal kantuen arratsaldea, larunbatean

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 30a, 08:55

Irailaren 11ko Usurbil Herri Anitza jaialdia, herrialde ezberdinetako dantzen erakusleihoa izan zen. Warda Mallalek antolatu zuen saio hura, baita larunbat honetan, 18:00etan Sutegin taularatuko dena ere. “Shabbick Labbick”, herrialde ezberdinetako mugimendu eta dantzak nahasten dituen ikuskizuna programatu du, “kolore eta erritmo ugari espazio berean elkartuz, esperientzia magikoa bilakatzea du helburu”. Hainbat hirietan aurkeztu duen saioa Sutegira dator urriaren 31n. Sarrerak: aldez aurretik 8 eurotan, egunean bertan 10 euro. Argibide gehiagorako: o.uarda@hotmail.es edo 637 256 851.

"Dantza saioa toki desberdinetako artistek osatzen dute; Shamaliats Bellydance Warda Mallal berak zuzendutako talde euskalduna, Selket Bellydancers Madriltik etorriko dira Monica Menhiten eskutik eta Donostiatik dantza eta ikuskizunetan adituak diren artista ugari etorriko zaizkigu; Leyre Mendoza, Nora Dilshad, Jaione Albeniz eta Veronica Espadas, horrez gain Iruñatik Hip-Hop erritmoz beterik Dale al Play taldea".

Kantu-jira larunbatean

Kantu zaleen ordua ate joka berriz. Larunbat honetan 19:00etan abiatuko da kantu-jira, Mikel Laboa plazatik. Afal ordura arte, euskal abestiez girotuko digute udalerri erdigunea. Gogoan izan, Kantu Taldea asteartero biltzen dela Udarregi Ikastolan, 18:30-19:30 artean.