Elkarretaratzea 20:00etan Mikel Laboa plazan, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 30a, 11:33

Euskal preso, iheslari eta haien senideen eskubideen aldeko hileroko elkarretaratzea ostiral honetan, urriaren 30ean izango da, 20:00etan Mikel Laboa plazan, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, elkarretaratze amaieran, Patxi Uranga presoaren urtebetetze eguna datorrela eta, bere zorion agurrerako argazkia aterako da.

Euskal herriratzeko eskariak

Mobilizaziorako deia, Espainiako Auzitegi Nazionalak 20 euskal presok Euskal Herrira gerturatzeko aurkezturiko eskariei ezetza eman ostean dator. Ostegun honetan hartu du aipatu erabakia Auzitegi Nazionalak. Gogoan izan, Xabier Aranburu "Xomorro" aginagarrak ere 2014an Espetxe Zaintzari euskal herriratzeko eskaria aurkeztu eta erakunde honen ezezkoa jaso ostean, Auzitegi Nazionalean aurkeztua zuela helegitea. Aranbururen eta beste dozena bat euskal presoren helegiteak iraila amaieran hasi zen aztertzen, Espainiako Auzitegi Nazionala.

Preso segitzen zuen aginagarrak joan den martxorako aske behar zuen jada, "kondenaren likidazioan zigorren zenbaketa bikoitza deritzon dotrina ez baliote aplikatu. Gaur egun, irteera data 2017ko martxoaren 11rako finkatua dauka".