Aldarrikapen kutsua izan du aurtengo Artisautza Azokak

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 1a, 14:01

Azaroaren Lehenarekin batera ospatzen da Artisautza Azoka. Klasiko bat, Usurbilgo kultur agendan. Aitzaga elkarteak antolatzen du eta, itxiera arriskuan den honetan, bi pankarta handi ipini dituzte frontoian. "Aitzaga libre" zioen batek, "Aitzaga eta beste herrikoak libre eta zabalik".

Pitxiak, arropa, egur tailak, masajeerako osagaiak, jan edatekoak... Eskaintza oparoa izan da beste behin ere. Gainera, taloa dastatzeko aukera izan da. Honakoan, talde berri batek hartu du taloa egiteko ardura. Gaztain erreak ere har zitezkeen aukeran.

Artisautza Azokarekin bat eginez, Lauburu Konpartsakoak kalejiran ibili dira. Buruhandiak eta erraldoiak herrian barrena ibili dira, txikienen gozamenerako.

 

35/02 auziak ere Aitzagari eragiten dio

Espainiako Auzitegi Nazionalak 35/02 auziko sententzia atera zuenetik urtebete eskasera, ildo beretik jo zuen Auzitegi Gorenak ere ekaina partean: 101 herriko taberna bahitzeko agindu, eta urtebete eta hiru hilabete eta urtebete eta hamar hilabete arteko kartzela zigorra ezarri zien hogei laguni. Usurbilgo Aitzaga elkartea da 101 herriko taberna horien artean.