Ostiralean Mikel Urdangarinekin abiatuko dugun Kulturaldirako sarrerak salgai

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 2a, 10:53

Mikel Urdangarin bakarka egiten ari den lehen birako kontzertua; Euskadi Saria jaso berri duen Yolanda Arrietaren solasaldia; bertso-afaria Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetara heldu diren Ane Labaka eta Asier Azpirozekin; Donostiako Zinemaldian estreinatu zen "Pikadero" filma; Donostia Antzerki Saria 2014, Dejaburen "Arrastoak" antzezlana; herri ondarea ezagutzeko ibilaldi interesgarria Jakoba Errekondorekin eta Joseba Larratxeren "Laukiak" erakusketa.

Proposamen zein baino zein interesgarriagoak. Azken aldian protagonistak izan ditugun lagun eta izenburuak. Formatu, eduki eta estilo ezberdinetako 7 hitzordu, azaroaren 6tik 15era antolatu dugun NOAUA! Kulturaldian. Lekua hartzen hasi.

NOAUA!ko bazkideek, merkeago

Sarrera behar duten ekitaldietarako txartelak eskuragarri dituzue, Bordatxo eta Artzabal tabernetan, baita Lizardi liburu dendan ere. Eta noski, NOAUA! Kultur Elkarteko egoitzan. NOAUA!ko egoitzan soilik eskuratu ahalko dituzue bazkide zaretenok, sarrerak merkeago.

Une egokia beraz, bazkidetza egina ez baduzue, NOAUA!ko kide izateko. Kultur Elkarteko egoitzara etorri eta segituan tramitatuko dizugu. Urtean 36 euro dira.

NOAUA! Kulturaldia

Azaroak 6, ostirala: Mikel Urdangarinen kontzertuaOrdua: 20:00.

Tokia: Sutegiko auditorioa.

Sarrerak: 10€ (Aldez aurretik 8€ Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 6€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.

Zehaztasunak: "Musikaren munduan 17 urte daramadan honetan beti egon naiz lagunduta, beti musikari onen altzotik kantari. Agian horregatik, denbora guzti honetan alboan izan dudan berotasun instrumentalari uko ekiteko (tarte batez behintzat) premia sentitu dut oraingoan. Aspaldi ate joka zerabilkidan deiadarrari zuzen erantzunez: taula gainean bakarrik (ez bakardadean, ahal balitz) aritzeko behar sakona. Nire gitarra, nire ahotsa eta bere hitzak.

Askotan errazegi erabili dugun hitzari heldu nahi nioke sendo, esentziari alegia. Nire oraingo mugak ezagutu nahi ditut eta horiek gainditzen saiatu. Horretarako, biluztasuna baino modu hoberik ez dut ikusten. Aro berria, aurrekoen gisan, ikasbide izatea nahiko nuke. Etxeko sukaldeko bakardadean kantatzen eta sortzen duen Mikel hura erakutsi nahi nizueke lehenengoz, kantu zahar eta berriak lagun. Eta azken hauek bere genesian erakutsi, bestelako jantzirik gabe. Barne bulkadari erantzun nahi diot, zinez. Bakarrik bidaiatzeak dakarren arriskuaren zirraraz abiatu naiz azken geltokirik agertuko ez den itxaropenez…".

Azaroak 8, igandea: "Pikadero" filma

Ordua: 19:00.

Tokia: Sutegiko auditorioa.

Sarrerak: 6€. Noaua!ko bazkideek 4€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.

Zuzendaria eta gidoia: Ben Sharrock.

Aktoreak: Barbara Goenaga, Joseba Usabiaga, Zorion Egileor, Itziar Lazkano, Lander Otaola, Pedro Arnaez.

Ekoizpen urtea: 2015.

Iraupena: 90 minutu.

Sinopsia: "Espainia estutzen duen krisi ekonomikoaren ondorioz, gurasoen habia utzi ezinik dabil bikote gazte bat. Dirurik gabe, arazo larriak dituzte gurasoen etxean ezkontza-eginbideak betetzeko. Larrua jotzeko gero eta grinatsuago eta hotel bat ordaintzeko dirurik gabe, elkargune publikoak bilatu behar dituzte: "txortalekuak". Baina gauzak ez dira diruditen bezain errazak, eta haien harremana kolokan jarriko da amiltzen ari den ekonomia batetik askatzen saiatzen direnean".

Azaroak 9-15: Joseba Larratxeren "Lauki" erakusketa

Epea: azaroak 9-15.

Ordutegia:

-Astelehenetik ostiralera: 10:00-13:00 eta 16:00-19:30.

-Larunbata: 10:00-13:00.

Tokia: Sutegi udal liburutegia.

Sarrera: irekia denentzat.

Zehaztasunak: "Argia aldizkariarentzako eta honen Larrun gehigarrirako egindako azalen aukeraketa eta beste bitxikeri batzuk, artean, azken aldian kaleratutako komikien biñeta solteak eta esketxers ekimenerako egindako marrazkiak. Datak: 2013 - 2015".

Azaroak 12, osteguna: Yolanda Arrietaren hitzaldi-solasaldia

Ordua: 19:30.

Tokia: Potxoeneko goiko gela.

Sarrera: doan.

Zehaztasunak: "Yolanda Arrietaren “Argiaren Alaba: txango bat denboran” hitzaldi-solasaldia. Gazteak eta Literatura. Nola hurbildu gaurko jendea klasikoengana? Nola hurbildu klasikoak gugana? Zer da Tradizioa? Zer da Historia? Zer da Transmisioa? Balio dezake fikzioak txangoak egiteko denboran, esandakoa osatuz, orain aldia biziz, geroa imajinatuz?".

Azaroak 13, ostirala: bertso-afaria Ane Labaka eta Asier Azpirozekin

Ordua: 21:00.

Tokia: Artzabal.

Parte hartzaileak: Asier Azpiroz eta Ane Labaka bertsolariak, eta Iñaki Agirresarobe “Tola” gai-jartzailea.

Afariko menua: aperitiboa, entsalada epela, entrekota patatekin, azkenburukoa, edaria eta kafea.

Txartelak: 18€ (aldez aurretik salgai, Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan).

Azaroak 14, larunbata: Dejaburen "Arrastoak" antzezlana

Ordua: 20:00.

Tokia: Sutegiko auditorioa.

Sarrera: 10€ (Aldez aurretik 8€ Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 6€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan, aldez aurretik.

Zehaztasunak: "Lurrek ez du sekula bere amari buruz galderarik egin. Arrastorik utzi gabe egin zuen alde etxetik bera txikia zenean. Ordutik bakarrik egin behar izan dio bizitzari aurre, etxean harrapatuta bizi den aitarekin, erantzunak bilatzeko astirik gabe. Orain amaren gorpua hilda agertu da ordea, eta galderak hasi dira berriz bor-borrean. Memoriaren zulo ezkutuenetan uste zituen sentimendu eta munstroiei egin beharko die aurre. Lurrek, nahi eta nahi ez".

Azaroak 15, igandea: herriko ondarea ezagutzeko ibilaldia

Abiatzeko hitzordua: 10:00etan, Arratzainetik.

Ibilbidea: Arratzain-Aginaga.

Zehaztasunak: "Aurrekoetan sortu duen interesa ikusita, Usurbilgo herri ondarea ezagutzeko aukera aparta berriz ere, Jakoba Errekondo paisajistaren eskutik. Oraingoan, Arratzainetik abiatu eta Aginaga aldera gidatuko gaitu. Bidean, besteak beste, Tontortxikiko tumulua bisitatzeko aukera izango dugu. Baina Aginagako gainkaldeak gordetzen dituen altxor gehiago ere ezagutuko ditugu. Animatu!".

Oharra: Arratzainera igotzeko autobus zerbitzua izango da, 09:30etan Bordatxo paretik. Arratzainera oinez joan nahi duenak 10:00etarako egon beharko du Arratzainen.

Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.