KMK15: "Eskerrak eta zorte on bergararrei"

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 3a, 13:21

KMK15-ek, Gattunk urtea borobiltzeko azken prentsa oharra kaleratu berri du. Esker hitzak helarazi nahi izan dizkiete urriaren 4an Usurbila etorritakoei, eta animu mezua aldiz, 2016ko Kilometroak jaia antolatzeko lekukoa hartu duen Bergarako Aranzadi ikastolari. "Udarregi Ikastolaren aldetik, antolatzaile guztiei eta urriaren 4an gurera etorri ziren euskal herritar guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu. Eta, horrez gain, azken mezu hau aprobetxatu nahiko genuke Bergarako Aranzadi Ikastolakoei zorterik onena opa eta animoak emateko, ostiralean emango baitiote hasiera Kilometroak 2016 ekimenari", berri eman dutenez.

Honez gain, urriaren 4ko jaialdiari loturiko zenbait emaitza plazaratu ditu KMK15-ek. Azken urtean zeharlerro izan eta sakon landu diren inklusibitate, parekidetasun eta jasangarritasunaren inguruko datuak. "Egunaren balorazio positiboa egin dute, oro har. Udarregiren hezkuntza ereduan ere urrats handi bat eman da, eta horretarako tresna den eraikin berriaren finantziaziorako baliabide ekonomikoak lortzera bideratu da jaia", ohartarazi dutenez.

Eremuz eremuko balorazioari dagokionez, "Inklusibitatea landu duen Guztiok Gattunk batzordekoek adierazi dute sentsibilizazio lana egin dutela batez ere, eta jasotako erantzuna primerakoa izan dela; nahiz aitortu duten egiteko lan asko dagoela. Parekidetasunetik, berriz, gogorarazi dute Kilometroak ospatu bitartean ez zela salaketarik izan [nahiz horrek ez duen bermatzen erasorik egon ez izana], baina gau horretan eraso sexista bat gertatu zela Usurbilen. Ezin dugu ahaztu, gainera, Nafarroa Oinezen sexu erasoa salatu zuela adingabe batek. Horiek guztiek agerian uzten dute ikastolen jaietan ere neurriak hartu behar direla bide horretan", gogorarazi du KMK15-ek.

Hondakinen %90,19 gaika bildu zen

Organikoa konpostatu, iturriko ura edatea sustatu edota edalontzi berrerabilgarriak baliatzeko apustua egin zuten urriaren 4an, KMK15-eko Ingurumen eta Garbitasun batzordetik. Guztia ahalik eta hondakin gutxien sortze aldera, eta sorturikoa ahal bezain beste birziklatzeko.

Ahalegin haren balorazioa plazaratu dute baita. Urriaren 4an, hondakinen %90,19 gaika bildu zen. Eta honenbestez, %9,81eko erreusa sortu zuen KMK15 jaiak, Ingurumen eta Garbitasuna batzordekoek aditzera eman dutenez.

"Hondakinen %90,19 gaika bildu ahal izan dituzte -6.990 kilo-, eta gainontzekoa, %9,81 izan da errefusa -760 kilo-. Ahalegin berezia egin dute organikoarekin, eta 6.990 horietatik 1.140 izan dira organikoari dagozkionak. Errefusa, berriz, 15 gramokoa da pertsonako, gutxi gorabehera. Hona datu guztiak, gaika: 1.160  Ontzi arinak  /  1.180  Papera  /  1.140  Organikoa  /  3.024  Beira  /  106  Olioa  /  380  Pankartetako plastikoa  /  720  Errefusa  /  40  Pardelak", zenbakitan zehaztu dutenez.

Apustu berriek ere emaitza onak ekarri dituzte. "Edalontzi berrerabilgarriak erabili eta berreskuratzeko apustua ere egin du taldeak: ibilbide barruan ezezik, herriko tabernek ere erabili dituzte edalontzi horiek. Guztira, erabilgarri zeuden edalontzien ia %86 berreskuratzea lortu dute. Iturriko urari dagokionez, esan daiteke ur botilen kontsumoak behera egin duela nabarmen: urriaren 4an, botila txiki eta handien artean, 3.500 soilik saldu ziren", KMK15-ek berri eman duenez.

Eskertza jaialdia

Azaroak 7, larunbata

13:00 Lotzen GaTTunk abestia guztion ahotsetara Mikel Laboa plazan.

14:30 Herri bazkaria frontoian.

18:00 Erromeria frontoian.

Ondoren, herriko musika taldeen kontzertua frontoian.