Lurralde Antolaketaz mahai-ingurua, 19:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 4a, 04:26

Alegazio epean den Lurralde Antolaketaren Plana zer den, nondik datorren eta eskualde nahiz herritarrei zer modutan eragingo dien azaltzeko mahai-ingurua antolatu du Usurbilgo Udalak, asteazken honetarako, azaroak 4, arratsaldeko 19:00etan Potxoenean. Maribi Joaristi, Oiartzungo Udaleko idazkariak, Xabier Arregi Usurbilgo alkateak eta Jone Miner Usurbilgo Udaleko Plan Orokorraren erredaktatzaileak parte hartuko dute ekitaldian, Udalak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez.

Udalerri hau gainditzen duen plan honen baitan, Donostialde honetan esaterako, “oso ekimen erasokorrak aurreikusten dira Zubietarentzat” Usurbilgo alkate Xabier Arregiren esanetan. “1.000 etxebizitzatik gorako aktuazio bat planteatzen da hipodromoaren atzean, poligono industrial erraldoi bat kartzela eta erraustegiarekin eta lau karrileko errepide bat Zubietan barrena”, zehaztu duenez.

Azaroaren 15era arte zabalik dagoen epearen baitan, Udalak alegazioak aurkeztu dizkio Lurralde Antolaketako plan honi. Alegazio hauen aurkezpena ere egingo dute asteazkeneko mahai-inguruan.

Udalarentzat gai hau, abiatu berri den legegintzaldiko gai garrantzitsuenetarikoa izango da, alkateak gogorarazten dutenez, "eragin handia izango du herria ulertzeko eta bizitzeko moduan". Arregiren iritziz, “gure helburua, kanpo-eragileek eskualdeari eskaini dizkioten proposamen horiekin etorkizuneko Usurbil ez zapuztea da, bere orain arteko baloreei eutsiz.”