Igandeko txangoa eta gero, Mendi Astea azaroaren 26tik 28ra

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 5a, 08:51

Asteazken honetan itxi da, Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak iganderako, azaroaren 8rako antolatu duen Alegia-Lekunberri mendi irteeran izen emateko epea. Txangoaz gain ordea, ekimen gehiago ere antolatu dituzte urte amaiera honetarako. Mendi Astea ospatuko dute azaroaren 26tik 28ra. Honatx prestatu dituzten ekitaldiak:

Azaroak 26, osteguna

19:30 Sutegin: “Nire barneko mendiak" liburuaren aurkezpena eta emanaldia. 

Aurkezleak: Jose Mari Azpiazu (liburuaren egilea) eta Josu Bereziartua.

Zehaztasunak: "Liburu honek erreflexioak eta argazkiak bateratu ditu. Erreflexio samurrak, irakur errazak, gizatiarrak eta mundutiarrak Euskal Herriko mendikateetan ateratako argazki ikusgarriekin batera. Mendizaletasuna ulertzeko modu berri eta orijinala aurkezten digu liburuak, abentura eta ekintza behaketa eta barneko sentimenduen azaleratzearekin bat eginda. Esperientzia handiko alpinista eta idazlea den Jose Mari Azpiazuk liburu hau asmo bikoitzarekin jarri du gure esku: erreflexioei esker eguneroko estresa baretzekoarekin eta bizitzaren zailtasunen aurrean gogoa eta indarra piztekoarekin. Dosi txikietan irakurri ahal izateko zure gau-mahaiko liburua izateko sortua izan da. “Egunaren amaieran- idazleak hala dio sarreran- bat, bi edo hiru erreflexio irakurri eta argazki batzuk behatzeak modu erlaxatuagoan loak hartzen lagunduko dizu”.

Azaroak 27, ostirala

19:30 Sutegin: "Mendizale baten ametsa" emanaldia.

Aurkezlea: Asier Izagirre.

Zehaztasunak: "Himalaya eta Karakorumeko Daulaghiri, Manaslu, Kanchenjunga, Annapurna, Shisha Pagma eta Broad Peaken berak egindako zortzimilakoen igoeren irudi bilduma aurkeztuko digu eta izandako esperientziak azalduko dizkigu".

Azaroak 28, larunbata

8:00 Frontoi atzetik, mendi irteera Usurbilgo inguruetara.

Ondoren, bazkaria Patri jatetxean.

Zehaztasunak: bazkarira joateko izena aldez aurretik eman beharko da, ikus-entzunezko saioak programatu diren egunetan, Sutegin jarriko den mahaian.

Oharra: Sutegin burutuko diren ekitaldiak hasi aurretik, 2016ko federatu txartelak berritu eta asteburuko ibilaldirako izena emateko aukera izango da Sutegi kultur etxean bertan.

Informazio gehiago: andatzamendizale.info web orrialdean.