Hainbat egokitzapen lan egin dituzte Oiardo Kiroldegian

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 4a, 09:04

Egokitzapen eta hobekuntza lanak Oiardo Kiroldegian. Urte amaierarako erabilgarri izango den boulderra eraikitzen hasiak dira. "Lan batzuk aurreratu dira (lehen zatia osatu da, argiak jarri dira eta itxitura egin da) eta abendurako boulderra erabilgarri izatea espero da", Usurbilgo Udaletik prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez.

Urriaren 26an boulderraren erabiltzaileekin bildu zen Udala. "Bilera horretan eskaladarako azpiegitura hau erabiltzeko interesa erakutsi dutenen iritziak jaso ziren eta boulder hau kokatuko den lekua aztertu zen. Ildo horretan, Alaiza & Madinabeitia SL enpresak azpiegitura honetarako egindako proposamena onartu zen. Horren arabera, hasiberrientzat bide “errazagoak” eta arituentzat zailtasun handiagokoak gurutzatzeko aukerak ematen ditu. Proposamen horrek, gainera, denbora pasa ahala gunea hobeto osatzeko aukerak eskaintzen ditu", Udalak berri eman duenez.

Lanak baita igerilekuan, pistan eta sarreran

Egokitzapen lan gehiago egin dira baita kirol instalakuntzetan. Igerileku txikia ura galtzen ari zela jabetu eta "azterketak egin ostean, konponketa lanak abiarazi eta aste honetan hau berriz betetzea eta berotzea espero da".

Kirol anitzetarako pistan, uda sasoian izaten den beroari aurre egiteko lanetan ari dira baita. "Beharrezko azterketak egin ostean, beharrezko egokitzapenak egin dira, kortinak jarri eta aire ekipamendua berrituz. Hauek aurrera eramaten ari dira", Udaletik ohartarazi dutenez.

Segurtasuna hobetzeko lanak egin dituzte bestalde, Kiroldegiko sarreran. "Une oro, kiroldegiko erabilera eta edukiera neurtzeko, sarreran tornuak eta ateak jarri dira, horrela segurtasun neurrietan aurrera pausoak emango direlarik", udaletik jakinarazi digutenez.