Gure Zozketako lehen zenbaki sarituaren jabeak, agertzeko azken eguna du gaur

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 5a, 09:13

60.000 euroko sari potoloaren zozketa egin zuen #Kilometroak15-ek. 51.855 izan zen zenbaki saritua. Ikastolen jaiak zorioneko egin duen laguna, antolatzaileekin harremanetan jartzera gonbidatzen dute. Badaezpada hemen, Udarregi Ikastolako idazkaritzako telefono zenbakia: 943 361 216. Sarituak agertzeko azken eguna du gaurkoa. Agertuko ez balitz, ordezko zenbaki bat ere zozketatu dute. 2.689 dugu ordezko zenbaki saritua.

Kariberako bidaiak badu jaberik

Zozketa honetako zenbaki saritua 9.140 izan zen. Saritua agertu da; Garikoitz Urkizu Mendizabal donostiarrari egokitu zaio. 

Eskertza jaialdia larunbatean

"Kilometroak 2015 ekimena borobildu eta amaiera bikaina ospatu asmoz, azaroaren 7an eskertza jaialdia burutuko dugu Udarregi Ikastolak eta Usurbilgo Udalak elkarlanean", adierazi dute antolatzaileek. Bertaratzeko gonbita luzatzen dute. “Animatu zaitezte eta guztiok batera, ospa dezagun ongi merezitako eskertza jaialdia. Guztiok gattunk!”. Honatx egitaraua:

Azaroak 7, larunbata

13:00 Lotzen GaTTunk abestia guztion ahotsetara Mikel Laboa plazan.

14:30 Herri bazkaria frontoian.

18:00 Erromeria frontoian.

Ondoren, herriko musika taldeen kontzertua frontoian.

Gattunk DVD-a salgai

#Kilometroak15 ekimeneko aurkezpen ikuskizuna, #Gattunk bideoklipa eta Udarregi ikastolaren inguruko dokumentala. Hiru ikusentzunezko horiek bateratu dituzte DVD bakar batean. Interesa duenak, eskura izango du DVDa Lizardin eta Laurok liburu dendetan.