"Eskura" hausnarketa saioa Gure Esku Dagok antolatuta, ostiralean Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 4a, 09:01

Hausnarketa eta eztabaidarako saioa, azaroaren 6rako antolatu dute, arratsaldeko 19:00etan Potxoenean. "“Eskura" hausnarketaren inguruan egin nahi dugun jardunaldira gonbidatu nahi zaitugu. Anima zaitez! Zure ekarpenak beharrezkoak dira eta", luzatu du gonbita Usurbilgo Gure Esku Dagok.

Euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak, herri eta auzoetan abiatu duen "Eskura" hausnarketa prozesuaren baitan egingo da Usurbilgo jardunaldia ere. "Erabakiaren aroa hasi dugu Euskal Herrian. Giza kate bat egin genuen abiada hartzeko. Hautestontziak eraiki genituen elkarrekin, egin beharreko bidea batera egiteko. Orain hautestontziei erabilera ematea dagokigu. Erabakitzera goaz. Baina zer? Noiz? Nola? Galdera horiei erantzuteko erronkari heldu dio Gure Esku Dagok. Herritarrok erabaki dezagun, askatu beharreko korapiloak askatuko ditugu eta horretarako lehen geltokia "Eskura" hausnarketa izango da", Gure Esku Dago mugimendutik aditzera eman dutenez.

"Hurrengo geltokiak zehaztera goaz"

Erabakiaren aroa definituko duen ariketa kolektibo gisa aurkeztu dute "Eskura" prozesua, Gure Esku Dago mugimendutik. Proposamen bat aurkeztu dute eta proposamen horri ekarpenak egiteko garaia da orain, azaroaren 9ra arte. "Gure Esku Dagoko kideok herritar orori egiten diegun eskaintza da Eskura. Irekia eta parte hartzailea, elkarrekin lan egiteko aukera berri bat. Adostuko ditugu Gure Esku Dagoren jarduera, antolamendua eta finantzamendua. Finean erabakirainoko hurrengo geltokiak zehaztera goaz. Eztabaida sustatzeko 8 orriko proposamena jarriko dugu mahai gainean. Horri nahi beste ekarpen egiteko tartea izango du herritar orok azaroaren 9a bitartean", zehaztu dute.

Sarean txostena eta eztabaida foroa

Prozesu honetan parte hartzeko gonbita luzatzen dute. "Horregatik zuri ere Eskura hausnarketan parte hartzeko gonbidapena egin nahi dizugu. Eskutik Eskura egin nahi dugulako lan. Erabakirainoko bidea herritarron Eskura jartzeko", Gure Esku Dagokoen esanetan.

Asteotan, Potxoeneko saiora joanda egin ahalko dira ekarpenak. Baina baita sarean ere. Eztabaida foroa sortuko da, eta bertan parte hartzeko aukera izango da. Bildutako ekarpen guztiokin, Gure Esku Dagok azaroaren 21ean egingo duen ezohiko batzar nagusian hartuko dira erabakiak.

Gure Esku Dagok eztabaida eta hausnarketarako aurkeztu duen txostena, ekarpenak sarean egin eta informazio gehiago eskuratzeko aukera duzue helbide honetan:

https://gureeskudago.eus/eskura/