"Lur berrien okupazio izugarria aurreikusten da Zubietan"

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 5a, 13:27

Erraustegia, kartzela, jarduera ekonomiko eta industrialerako gune erraldoia, errepide berri bat edota ia 1.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du Zubietan, Eusko Jaurlaritzaren Donostialdeko Lurralde Plan Partzialak. Hasieraz onartua dute jada, eta alegazio epean da azaroaren 15era arte.

Alegazioak aurkeztuko dituztenen artean da Usurbilgo Udala. Hala iragarri zuen, asteazken arratsaldean gai honen inguruan Potxoenean antolatu zuten mahai-inguruan, "Plan Orokorra ez baitator bat egungo errealitatearekin". Xabier Arregi alkatearen esanetan, plan honen "diagnosia zaharkitua geratu da, beste baldintza sozioekonomikoetan egina dago". 1997. urtean hasitako lanketaz ari gara.

Udalen planeamenduen gainetik dago plan partzial hau. Behin betiko onartu ostean, "udalei inposatuko zaie", mahai-inguruan gogorarazi zutenez.  Plan berri honek dakartzan ondorioez ere ohartarazten dute. "Energia berriztagarriei buruz ez da ezer esaten. Degradatutako eremuak birsortzea, berrerabiltzea eta optimizatzea ez da aurreikusten", diote Udaletik. Aldiz, "lur berrien okupazio izugarria" aurreikusten da. "Oso ekimen erasokorrak aurreikusten dira Zubietarentzat", alkateak ere esana duenez.

Alkatea bera, Jone Miner Usurbilgo Udaleko Plan Orokorraren erredaktatzailea eta Maribi Joaristi Oiartzungo Udaleko idazkaria bildu zituen ekitaldian adierazi zutenez, Donostialdeko Plan Partzialak "hainbat lege eta printzipio ez ditu betetzen". Lege eta printzipio hausteen harira aurkeztuko dituzte alegazioak. Udalak bakarrik ez, edonork aurkez ditzake erreklamazioak eta interesdun oro pauso bera ematera animatzen dute.

Donostialdeko Plan Partzialak proiektaturikoa

Landa eremua

-Andatza-Irisasi eta Mendizorrotz ingurua basogintzarako mantentzea.

-Aginaga eta Zubietako erriberak nekazal ustiapenerako eremuak izatea.

Oinezko eta bizikleta erabiltzaileentzako bideak

-Urbileraino jada egina dagoen bidegorria Usurbileraino luzatzea aurreikusten da; Txikierditik, Ugaldea industriagune ondotik Santueneara, eta handik, erriberatik barrena Txokoaldera. Txokoaldetik bi bide aurreikusten dira, bat Aginaga aldera, eta bestea, trenbide ondotik Oriorantz. Zubietako egungo bidetik ere aurreikusten da oinezko eta bizikleta zaleentzako bidea Santueneara.

-Bide berri bat aurreikusten da bestalde, Zubietako Bugatitik, erraustegia eraiki asmo duten ingurunera eta handik Santueneara.

Errepideak

-Txikierditik (N-634 errepidetik) Bugatiraino errepide berri bat aurreikusten da. Zubi berri bat eraikiko litzateke errioa zeharkatzeko, eta Zubietako erriberatik barrena, hipodromo atzetik Bugatiraino luzatuko litzateke. Errepideak gero, Zubietan aurreikusiak dauden proiektu erraldoien zonaldera segiko luke.

Trenbide sarea

Kostaldea zeharkatzen duen trenbidea guztiz zabaltzeko, Usurbilgo zatia baino ez da falta. Plan berriak, zabaltze hori aurreikusten du. Eta aldaketa nagusi bat baita; Txokoalde-Orio artean tunelak eraikiko lirateke. Honenbestez, trenbidea zuzendu eta lurpean geratuko litzateke Txokoalde inguruan.

Ur depositua

Zubietamendi atzean eraikiko litzateke, hau da, proiektu erraldoi guztiak aurreikusi diren zonaldean. Urbil ingurutik hartuko luke ura eta Erroizpeko urtegiarekin lotu asmo dute.

Azpiestazio elektrikoa

Linea berri bat proiektatua dago Zubietan aurreikusiak dauden proiektu erraldoien zonaldetik, Andoain-Urnieta aldera.

Etxebizitza

2025. urterako: 649-878 etxe eraikitzea aurreikusten da Zubietan (Landaberri ikastola inguruan).

2015-2022 urte arterako: 1246-1686 etxe Lasarte, Usurbil, Zubieta, Errekalde inguruan.

2023-2030 urte arterako: 1920-2598 etxe Lasarte, Usurbil, Zubieta, Errekalde inguruan.

Jarduera ekonomikoak (143 hektarea eraikiak)

2030erako: 107-117 hektarea berri proposatzen dira jarduera ekonomikoetarako.

Aritzeta

Egun, Urbil-Belartza inguruko errotondatik gora, A-8 autopistarantz jotzen badugu, ezkerretara, eraikiak dauden errepide artean geratzen den triangelu formako lur eremu bat bada. Potxoeneko bileran aipatu zutenez, bere garaian Zubietara lekuz aldatu asmo zuten Loiolako kuartela, Aritzetako eremu honetara eraman asmo dute orain.

Informazio gehiago: Donostialdeko Plan Partziala