KMK15 urtea borobiltzen ari gattunk gaur

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 7a, 16:18

"Gattunk, gattunk, lotzen gattun harira..." abestia entzunez, kantatuz eta dantzatuz abiatu du udalerri honek, KMK15 urtea borobiltzeko Usurbilgo Udalak eta Udarregi Ikastolak gaurko antolatua zuen eskertza jaialdia.

Ikastolako langile, ikasle eta guraso hainbat azken urte honetako soinu banda izan dugunaren bueltan elkartu dira eguerdian Mikel Laboa plazan. Denak ere jai giroan, uda giroko larunbat honetan. Eta gero frontoiko herri bazkarian. Aspaldi ikusi gabeko jendetza, ia 500 lagun bildu ditu, herritar talde batek auzolanean prestatu duen menua dastatzeko. Arratsaldean segiko du jaiak, erromeri giroan eta herriko musika taldeen kontzertuekin. Egun aparta, urte osoan auzolanean aritu direnak, lana alboratu eta lortu dena ospatzeko.