"Aste borobila", Sutegi udal liburutegiaren 10. urtemuga ospakizunena

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 9a, 09:55

Azaroaren 2tik 7ra antolatu dituzten ekimenen inguruko balantze ezin baikorragoa egin du Sutegi udal liburutegiak. Hasteko, 10 urteotako ibilbideari lotuta, 100 mezu jasotzeko herritarrei luzatu zieten erronka bete dute. "Gaindituta! Milesker guztioi!", liburutegitik adierazi dutenez.

Harrera ezin hobea izan zuen baita, Pello Añorgaren ipuin kontaketa saioak. 50 lagun gerturatu ziren. Jendetsua, ikusgarria eta ezberdina, Shakti Olaizola kontortsionistak azaroaren 5ean frontoian eskainitako "Irakurriz" izeneko emanaldia. Irakurzaletasuna, dantza mugimendu ikusgarriekin uztartu zuen.

Azaroaren 4an, "Liburu/pelikula bat, euro bat" ekimena antolatu zuten. Liburutegian errepikatuak zituzten hainbat liburu edota DVD, salgai jarri zituzten euro batean. "Eskainitakoaren %70a inguru saldu genuen", adierazi dute liburutegitik. Herritarrek emandako laguntza liburutegian inbertitzera bideratuko dute. "Jasotako diruarekin dokumentu berriak erosiko ditugu. Beste behin, mila esker!", helarazi nahi diete herritarrei.

Whatsapp zerbitzua martxan

Ospakizun astea, zerbitzu berri bat martxan jarriz borobildu zuten. Irakur Puntu berriak banatzen hasi ziren ostiralean. Eskuratu dituzuenok ikusiko zenuten; whatsapp zerbitzua du Sutegi udal liburutegiak. Zerbitzuak mezuak bidaltzeko balio du soilik, ez telefono deiak egiteko. Honatx zenbakia: 688 625 477.

Gainerakoan, hemen dituzue liburutegiarekin hartuemanetan jartzeko bideak:

Blogeko helbidea: http://liburutegiak.blog.euskadi.net/usurbil/?lang=es

Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 10:00-13:00 eta 16:00-19:30; larunbatetan, 10:00-13:00 artean.

Telefonoa: 943 360 692.

Whatsapp zerbitzua (mezuak bidaltzeko soilik): 688 625 477.

E-posta:  biblioteka@usurbil.eus

Facebook: Usurbilgo Sutegi Udal Liburutegia

Twitter: @usurbib

Instagram: sutegi05

Youtube: youtube.com/sutegi05