Andatzako sutea itzali dute, zaintza lanetan segiko dute ordea

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 10a, 14:35

Ordu zailenak pasa dira. Zorionez, Andatza ingurua kerik gabe esnatu zaigu astearte honetan. Itzali dute igandeaz geroztik kezka eragiten zuen sua. Udaltzaingotik aditzera eman digutenez ordea, zaintza lanak ez dituzte eten. Lanotan jarraituko dute hurrengo orduotan ere. Ez baita ahaztu behar, lurra bero dagoela, euririk ez du egin. Eta honenbestez, sua berpizteko arriskua bada oraindik.

Astelehenerako kontrolpean

Sua kontrolpean zuten astelehen goizean. Eta ordura arte piztuta zeuden su foku txikiak itzaltzen aritu ziren atzo egunean zehar. Sua amatatzeko lanetan aritu direnek, ez dute oso lan erraza izan. Eremua aldapatsua baita eta ez da oso erraza bertaratzea. Ikustekoa zen astelehenean, ia Donostia alderaino zabaldu zen ke lainoa.

Alertan igande goizetik

Igande goizean piztu zen sua. Orduan ikus zitezkeen lehen sugarrak, eta kea. Gerora bazirudien, sua guztiz itzaltzea lortu zutela. Igande gauean ordea, sua berpiztu zen zonalde berean, indar handiz gainera. Zubieta eta Lasartetik nabaria zen karratu forma hartu zuen sutea. Kea eta erre usaina herri erdiguneraino ere heldu zen. Gauean zehar itzaltzeko lanak etengabekoak izan ziren. Aipatu moduan ordea, astelehen goizerako kontrolpean zuten.

Argitzeke dago sua zerk eragin duen.