Marisa Alejandro eta Aitzaga Libre uztea eskatzeko giza-kate laranja larunbatean

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 11a, 11:29

Hiruzpalau aldiz atzeratu ostean, finkatu dute 04/08 sumarioari loturiko epaiketarako data. Astelehenean, azaroaren 16an abiatuko da Espainiako Auzitegi Nazionalean Ezker Abertzaleko 35 kideren aurkako epaiketa. Auziperatuen artean da, Marisa Alejandro usurbildarra. Epaiketa salatu eta Marisari eta gainerakoei elkartasuna adierazteko mobilizazioak deitu dituzte astebururako herrietan, Libre ekimenaren baitan.

Usurbilen, Aitzaga ataritik abiatuko den giza-kate laranja deitu dute larunbaterako 19:00etan. Herritarrei zapi laranjekin bertaratzera deitzen zaie. Giza-kate amaieran ekitaldia deitu dute, “Aitzaga eta Marisa libre” lemapean. Mobilizazioak hain zuzen, Madrilen abiatzear den epaiketa eta konfiskatua izateko aginduaren zain diren herriko tabernen auzia lotuko ditu. Honenbestez, Marisari eta Aitzagari elkartasuna adierazteko mobilizazioa izango dugu larunbateko hitzordua. Azaroko azken astebururako ere bi auziok lotzen dituzten ekitaldi gehiago deitzekoak dira herrietan, Libre ekimenaren baitan.

Epaiketa, 8 urtera

Baltasar Garzon epailearen aginduz, 2007ko urriaren 4an Seguran Ezker Abertzalearen aurka izandako polizia operazioaren haritik dator azaroaren 16an hastekoa den epaiketa.  Ezker Abertzaleko 23 lagun atxilotu zituen polizia espainiarrak duela 8 urte, tartean, Marisa Alejandro usurbildarra. Batasunaren mahai nazionala berriro osatu izana leporatu zitzaien. 23 lagunon etxeak eta EHAK alderdiaren egoitza miatu zituzten.

Egun haietan, atxiloketok salatzeko mobilizazio ugari burutu ziren bai Usurbilen, baita Euskal Herri mailan ere; tartean, jarraipen zabala izan zuen ordubeteko lan uztea egin zen.

Marisa ia 3 urte izan zuten preso, 2010eko apirilaren 15ean, bera eta polizia operazio berean atxiloturiko beste 9 lagun bermepean aske utzi zituzten arte. Aske geratu eta 5 urtera epaituko dute Marisa, beste 34 lagunekin batera.

Aitzaga, konfiskatze aginduaren zain

Aitzaga eta beste ehunetik gora elkarte, konfiskatze aginduaren zain dira, ekainean Espainiako Auzitegi Gorenak, Herriko Tabernen aurka Auzitegi Nazionalak kaleraturiko epaia berretsi ostean. Epaiak ordea, ez zuen oso argi uzten, ez noiz ezta nola gauzatuko zen. Epaia ekainean kaleratu arren, momentuz zabalik segitzen du herriko tabernak eta elkartearen egoitzak.

12 urtetik gorako ibilbide luzea du halere, auzi honek. Lehen ere itxia egon da Aitzaga, sei urtez, 2006tik 2012ra. Itxia bai baina ez isildua. Egoitzarik gabe ere, aurten 21 urte bete dituen elkarteak bizirik eta lanean jarraitu baitu.