Lasarteko Udala, erraustegia Zubietan eraikitzearen aurka

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 11a, 12:04

Astearte arratsaldean eginiko osoko bilkuran, errauste planta Zubietan eraikitzearen aurka agertu zen Lasarte-Oriako Udala. Erraustegiari eta hondakinen kudeaketari loturiko 3 mozio aurkeztu ziren pleno berean; bat, osatu berri den Aire Garbia herri plataformarena, bestea EAJ-PNV eta PP alderdiek aurkeztu zuten. Eta hirugarrena, udal gobernu taldean den Lasarte-Oriako PSE alderdiak. Azken honek, PSE-EE-k aurkezturiko 3 puntuko testuak argi dio:

1-Lasarte-Oriako Udala lehenagoko akordioetan berresten da, errauste planta Zubietako Gainan kokatzearen aurka.

2-Lasarte-Oriako udalbatzarrak, kokagune honen aurka Donostialdeko Lurralde Plan Partzialari alegazioa aurkeztea eskatzen dio Lasarte-Oriako alkateari.

3-Lasarte-Oriako Udalak hartutako erabakiaren berri emango dio, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari.

Zubietan ez, baina beste nonbait bai

Gehiengo osoz onartu zen mozio honen alde bozkatu zuten, PSEk EHBilduk eta Podemosek. PPk eta EAJ-PNV-k aurka. Testu honek gainera, lehendik ere, 2006an, Lasarteko udalbatzarra, errauste planta Zubietan kokatzearen aurka agertu zela gogorarazten du. Zubietan ez, baina beste nonbait eraikitzearen alde dago ordea Lasarteko Udalean agintean den PSE, atzo egindako osoko bilkuran gertatu zena aintzakotzat hartzen bada.

Erraustegiaren eta hondakinen kudeaketaren inguruko 3 mozio aurkeztu zirela aipatu dugu. Horietako bat, EAJ-PNV eta PP alderdiek aurkeztu zuten. Mozio hau ere babestu zuen bozketan, PSE-EEk. Erraustegi hitza aipatzen ez duen arren, errauste planta eraikitzea defendatzen du sei puntuko testu honek. Hala dio: "Europako zuzentarauek markatzen dutenaren ildotik, Lasarte-Oriako Udalak hondakinen kudeaketa katea berresten du: prebentzioa, berrerabilera, birziklatzea eta konpostatzea eta balorizazio energetikoa, balorazizazio zirkuituan integratu izan ezin den horretatik energia lortzeko".

Mozioak errauste planta eraikitzeko, teknologia maila altuena bermatzea eskatzen dio Foru Aldundiari, "ahalik eta ingurumen eragin gutxiena eta energia eraginkortasun handiena ziurtatzeko". Gainera, Lasarteko herritarrentzat doako argindar zerbitzua Aldundiarekin negozia dezan eskatzen dio Udalari. Birziklatzearen aldeko apustu ausarta egitea ere galdegiten du mozioak, PIGRUG planean finkatutako helburuak betetzen ez dituzten udalerriak zigortzea eskatzeraino. Zabortegien aurka agertzen da, aipatu moduan, EAJ, PP eta PSE alderdiek babestu zuten mozioa. Gehiengo osoz onartu zuten. EHBildu eta Podemos aurka agertu ziren.

Manifestazioa azaroaren 21ean

Erraustegiaren inguruan mozioa aurkeztu zuen baita, duela gutxi Lasarten osatu den Aire Garbia herri plataformak, eskaera argi batekin: "Lasarte-Oriako Udal Batzarrak Diputazioari eta gai honetan zeresan handia duten Mankomunitateei eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari eskatzen die bazter dezatela Zubietako errauste plantaren proiektua eta aintzat hartu dezatela lasarte-oriarron eta Lasarte-Oriako udalaren kontrako iritzia".

Errauste planta eraikitzeko dagoen asmoaren aurrean kezkatuta agertzen da herri plataforma, "izan ere, Europan dozenaka azterketa epidemiologikok frogatu dute errauste planta batetik gertu bizi diren herritarrek aukera gehiago dituztela minbiziak, leuzemiak, malformazio genetikoak, ernalketa sistemaren mutazioak eta bestelako gaitz asko pairatzeko".

Iraganean erraustegia hainbat herritan planteatu izan denean, zera galdetzen dute: "zergatik baztertu zituzten kokagune horiek eta aukeratu hau? Garbi dago: Gipuzkoan inork ez du nahi erraustegi bat bere herrian. Guk ere ez".

Aire Garbia plataformak aurkezturiko mozioa irakurri zuten atzoko plenoan, baina ez zuten bozkatu, PSE-EEk lehen aipaturiko testu alternatiboa aurkeztu baitzuen. Mozioaz gain, hondakinak erraustearen aurkako manifestazioa deitu du Aire Garbia herri plataformak azaroaren 21erako. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Okendo plazatik.

3 mozioak osorik segidan

Aire Garbia

EAJ-PP

PSE

Argazkiak: Txintxarri aldizkaria eta Lasarteko Udalaren webgunea.