“Erraustegia Erabakia” plataformaren sinadura bilketa abian

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 11a, 11:30

Erraustegiaren inguruan Usurbilgo Udalari kontsulta bat antolatzea eskatu nahi dion “Erraustegia Erabakia” plataformak lehen batzarra burutu zuen aurreko larunbatean Potxoenean. Bertan herri galdeketaz jardun zuten, nola bideratu gaia. Jada abiatu duten sinadura bilketari buruz ere aritu ziren. Aberasgarritzat jo zuten saioa, ekarpen anitz jaso zituzten eta. Usurbilgo Udalari herrian kontsulta antola dezan eskatzeko sinadurak biltzen hasi dira asteburuan. Asteotan maiz ikusiko ditugu kalean. Ekarpenak egin, bilgunean parte hartu edo informazio gehiagorako, helbide honetan jarri zaitezkete harremanetan herri plataforma berriarekin: erraustegiaerabakia@gmail.com

Urriaren 30ean aurkeztu zuten Usurbilgo herri plataforma berria, hedabideen aurrean. Honatx plazaratu zuten adierazpena:

Erraustegia: Herriak Erabaki!

Badira urteak erraustegiaren kontu horrekin, gora edo behera Diputazioaren kolorearen arabera. Orain dela hilabete batzuk bazirudien baztertuta zegoela egitasmoa, baina Gipuzkoako agintari berriek berzpizteko asmoa agertu dute.

Erraustegi hori guk, herritarrok, ordaindu beharko genuke gure diruarekin eta gure osasunarekin, baina inork ez digu galdetu ea hori nahi dugun ala ez. Bada garaia gizartean hainbesteko polemika harrotzen duten gaietan herriari hitza emateko. Hori bultzatzeko elkartu gara hainbat zubietar eta usurbildar. Gaur horren berri eman nahi dugu, eta laguntzeko prest dauden herrikide guztiei deia zabaltzen diegu.

Zer nahi dugu?

-Erraustegia egingo den ala ez, herriak erabaki dezala.

-Kultura demokratikoa zabaldu herrian eta, bereziki, agintarien artean: gai batek gatazka eta desadostasuna pizten duenean gure gizartean, herriak berak erabaki behar du, zuzenean eta bitartekorik gabe.

Zer egin dezakegu hori lortzeko?

-Bertakoak bertan eragin: Usurbilen bertan bozka dezagun ea erraustegia nahi dugun ala ez. Horrelako bozketa bat berme guztiekin egin behar da, eta, horretarako, Udaletxeak antolatu behar du.

-Beraz, Udaletxeari eskatu behar diogu kontsulta bat antolatzeko, herrikideen nahia zein den jakiteko, eta dagokien beste instituzioei jakinarazteko.

-Udalari eskaera hori egiteko une honetan dugun erarik egokiena sinadura bilketa da. Horri ekingo diogu: Usurbilen sinadurak bildu Udalari eskatzeko erraustegiari buruzko galdeketa bat egiteko lehen bait lehen.

Noiz hasiko gara

-Datorren azaroaren 7an elkartuko gara, Potxoenean, goizeko 11:00etan. Laguntzeko prest dauden herrikide guztiak ongi etorriak izango dira.

Garaiak aldatzen ari dira, hitza eman herriari:

Erraustegia, Herriak Erabaki!