15 lan aurkeztu dira, Herritar Txartel berria diseinatzeko

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 12a, 11:52

Ordainketak egin edota udal zerbitzuetan identifikaziorako balioko duen txartel berria izango dute usurbildarrek, 2016an. Txartelaren izena eta irudia erabakitzeko lehiaketa antolatu da. Diseinu lanak aurkezteko azaroaren 6ra arte finkatua zegoen epearen baitan, guztira 15 lan aurkeztu dira, Usurbilgo Udaleko ordezkari batek, Hurbilago Elkarteko bi kideek, eta diseinu edo komunikazio munduan aritzen diren beste bi lagunek osaturiko epaimahaiak jakitera eman duenez. Epaimahaia osatu berri dute. Azaroaren 20an bilduko da berriz, eta bilkura horretan, txapelketan parte hartu duten hamabost lanotatik hiru hautatuko dituzte. Eta hiru diseinuon artean aukeratu beharko dute gero herritarrek, Askatasuna plazako haur parke berria jartzeko baliatu zen prozedura bera erabiliz. Bozketarena alegia.

Horretarako, epaimahaiak 15 lanon artean hautaturiko 3 lanen berri emango diete herritarrei. Sutegin ikusgai jarriko dituzte eta eskuorria banatuko da etxeetan. Eskuorri hori bozka papera ere izango da. Hain zuzen, hiru diseinu lan hauetako baten aldeko bozka eman ahalko dute herritarrek. Bozka papera, Hurbilago Elkarteko saltokietan jarriko dituzten kaxetan utzi ahalko da. Herritarren aldetik babestuena izan den diseinu lana baliatuko da Herritar Txartel berrirako. Eta diseinuaren egileak, 500 euroko saria jasoko du. Hautaketa prozesu honen inguruko zehaztasun gehiago, aurrerago.