"Eztabaida feministarako Zapatismoaren ekarpenak", jardunaldia azaroaren 20an

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 12a, 12:20

"Eztabaida feministarako Zapatismoaren ekarpenak: bizi osoko borroka indarkeriaren aurka" izeneko jardunaldia antolatu dute azaroaren 20an Usurbilen. Bost egun beranduago gogoan izango dugun Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren bezperatan hain zuzen. Itsasoaren bi aldeetako mugimendu feministen topagunea izan nahi du, elkar ikasi eta ezagutzeko saioa. Aurrerago Hernanin segida izango duten jardunaldion berri eman digu lerrootan antolatzailetako batek, Lumaltik, Lankidetzarako eta herrien garapenerako erakundetik.

Nondik dator, jardunaldiok antolatzeko ideia?

Lumaltik: Emakume zapatisten borroka gure lurraldean nahikoa ezaguna ez delako sortu da jardunaldiok antolatzeko ideia. Badira 20 urte baino gehiago, Euskal Herriko brigadistak Chiapasera bake kanpamentu zibiletan laguntzera joaten hasi zirenetik. Aspakena edo Txiapasekin bezalako kolektiboek, EZLN-rekiko elkartasun politikoa sustatzen dute eta gu edo Bizilur bezalako Gobernuz Kanpoko Erakundeak, komunitate zapatisten autonomia indigenen proiektuetarako finantziazioa bilatzen dugu. Halere, gutxitan hitz egiten da emakume zapatisten borrokaz, eta penagarria dela deritzogu. Horregatik erabaki genuen jardunaldiok antolatzea. Bestalde, erresistentzian diren komunitateei elkartasuna adierazteko Chiapasera doan jendea, askotan okupen mugimendutik dator, mugimendu ekologistatik, presoekiko elkartasun kolektiboetatik… Baina zuzenean mugimendu feministatik datorren jende gutxi dago. Horregatik uste dugu, beharrezkoa dela zapatisten borroka eta borroka feministaren arteko loturak esploratu eta zabaltzea. Horretarako antolatu ditugu jardunaldiok.

Zeintzuk dira jorratuko dituzuen gaiak?

Cecilia Santiagok mugimendu zapatistari buruz, emakumeek Chiapasen bizi duten egoeraren inguruan eta estatu indarkeriazko testuinguruen aurrean nola bizirauten duten azalduko digu. Era berean, Euskal Herrian aplika daitezkeen borroka indigenaren inguruko zenbait ezaugarri nabarmenduko ditu. Cony Carranza Castro, Salvadorreko aktibistak, emakumeak emigratzera behartzen dituen Latinoamerikako krisi kapitalistaz eta matxistaz jardungo du. Baita emakumea eta migrantea izateagatik iristean aurkitzen duten indarkeriaz. Indarkeria honi erantzuteko mekanismoak azalduko ditu. Idoia Arraizak, autodefentsa feministaz hitz egingo du, indarkeria sexistari aurre egiteko estrategia gisa. Kattalin Minerrek, indarkeriaren birjabetzearen teknika performatiboak hartuko ditu ahotan eta Euskal Herriko indarkeria sexistaren aurkako egungo borroka desberdinen testuinguruan kokatuko ditu.

Nola nahi zenukete amaitzea jardunaldiok?

Gerrilla kanpotik eta barnetik isilduak izan diren emakume zapatisten ahotsak zabaldu eta aldarrikatzea da geure helburua. Baita egunerokoan pairatu behar izaten duten errepresio basatiari eta arriskuei aurre egiteko bere eguneroko borroken berri ematea. Honenbestez, jardunaldiak Euskal Herrian beste errealitate feminista baten inguruan arrasto txiki bat utziz amaitu nahi genituzke. Egoerak hain desberdinak izan arren, hain urrunekoak ez diren bi borroken isla ikusi ahal izatea nahi genuke. Bestalde, eskatzen hasita, nazioarteko feminismoari babesa eta indarra emango dioten brigadista berri askorekin amaitzea nahi genuke.

Bereziki nori zuzendua daude jardunaldiok, edo nortzuk gonbidatu nahi zenituzkete?

Jardunaldiok guztiz irekiak dira, nahi duen oro etor dadila. Euskal feminismotik gertu kokatu eta internazionalismoarekin eta herrien arteko borrokekin sentsibilizatuak dauden emakumeengana gerturatu nahi genuke zehazki. Baina bereziki, hain ondo hartu gaituzten Usurbilgo emakumeak gonbidatu nahi genituzke. Ziur gaude azaroaren 20koa ez dela topaketa bakarra izango, borroka eta ikasketa bide luze baten hasiera baizik.

Astebete barru

Eguna: azaroak 20, ostirala.

Ordua: 18:00.

Tokia: Potxoenea.

Hizlariak: Cecilia Santiago (Chiapas, Mexiko), Idoia Arraiza (Bilgune Feminista), Cony Carranza Castro ("Mujeres del Mundo"), Kattalin Miner (Medeak).

Elkarlanean antolatua: Lumaltik Herriak, Medeak, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Usurbilgo Udala edota Gipuzkoako Foru Aldundia.

Informazio gehiago: lumaltik.org