Bertso-afaria 21:00etan Artzabalen, Ane Labaka eta Asier Azpirozekin

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 13a, 11:47

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan final laurdenetaraino heldu diren Ane Labaka eta Asier Azpiroz bertsolari gazteak ere, NOAUA! Kulturaldiko protagonistak ditugu aurtengoan. Ostiral honetan, azaroaren 13an 21:00etan Artzabalen antolatu dugun bertso-afarira datoz. Gogotsu gainera, lerrootan adierazi digutenez. Biekin txapelketaz jardun dugu lerrootan.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak zer nolako sentsazioa utzi dizue?

Ane Labaka: Orain arte egindakoaren inguruan, oso sentsazio ona dut. Duela lau urte hartu nuen parte lehen aldiz txapelketan, askoz okerrago pasa nuen, urduritasun eta tensio aldetik. Orain hobeto eraman dut txapelketarena, gustura, bertsoaldi batzuetan gozatzea lortu dut.

Asier Azpiroz: Nahiko ona izan da. Bigarren txapelketa nuen. Oraingoan, neure burua bilatzen nuen pauso bat edo bi aurrera eraman nituelakoan. Lehenengo fasea nahiko eroso pasa nuen. Lehenengo saioa, seguruenik txapelketan egin dudan saio onena izan zen. Final zortzirenetan, Andoaingo saioan izugarri sufritu nuen oholtza gainean, baina egia da kanpotik ez zela hainbeste nabaritu. Espero nuen justu ibiliko nintzela eta azkenean nahiko puntu sorta bildu eta aurrera. Eta final laurdenetako saioarekin gustura egon nintzen. Saio orekatuagoa egin nuen. Baina apalago joan zen puntuazioa. Ateetan geratu gara, baina gustura.

2011ko txapelketatik hona nola eboluzionatu duzue?

A.A.: Izugarrizko aldaketa ez nuke esango. Neure tokia zein den badakit eta saiatzen naiz, ez bertsolaritza arina, baina gaiari zuzen lotuko zaiona egiten. Lau urteetan zerbait aurreratu dugu, toki dezentetan aritu gara kantuan.

A.L.: Duela lau urte baino askoz lasaiago aritu naiz oraingoan. Teknikoki lanketa bat egin dut. Dezente helduago sentitu naiz duela lau urtetik hona, eduki aldetik batez ere. Zer esana banuela eta esan nahi nuela sentitzen nuen.

Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fase bat baino gehiago, bertsolaritzak bizi duen osasunaren isla izan dela diote. Ados zaudete?

A.A.: Baietz esango nuke. Gipuzkoa Bertsotan ekimenak eman du aukera bertsotara txapelketara animatuko ez zen jende hori animatzeko. Bestela baino askoz saio gehiago sortu dira. Horrek eman die udalerri txiki pilo bati, saioak antolatzeko aukera. Ahalegin berezi bat egin da, gai-jartzaile eta epaile berriak aurkitzeko.

A.L.: Guztiz ados. Zuzenean txapelketa izanez gero, animatuko ez ziren bertsolari askok parte hartu zuten lehen aldiz, Gipuzkoa Bertsotan ekimenean.

Bertsolari belaunaldi berriari lekua egiten ari zaizue?

A.A.: Puntan lehengo bertsolariak daude. Baina belaunaldi aldaketa hori pixkanaka badatorrela igarri da txapelketa honetan. Lau urtetik hona neure inguruko bertsolariak aurrerago, gehiago gabiltza plazan. Finalerdietan ere nik uste igarriko dela.

A.L.: Aldaketa ematen ari da. Final laurdenetara askoz gazte eta aurpegi berri gehiago sartu gara. Ez nuke esango erraza denik bertsolaritzan leku bat egitea plazaz plazakoan. Baina pixkanaka aukerak eskaintzen zaizkigu eta aukera horiek aprobetxatzen jakinez gero, bakoitzak bere bidean aurrera egiten du.

Emozionalki, nola kudeatzen duzue halako txapelketa bat?

A.A.: Datak inguratzerakoan, autoan irratia entzunez joaten naizenean, gai honi edo besteari zer abestuko niokeen aritzen naiz. Bertsoa buruan askoz gehiago darabilgu. Txapelketa aitzakia izaten da baita, bertsolariok elkartzeko.

A.L.: Ahal den moduan, urduritasunez normalean. Saio aurreko egunetan, deskonektatzen saiatzen naiz. Mendi buelta bat egin eta neure buruarekin egoten. Txapelketa ere bada, bertsolarion arteko harreman sarea sendotzeko. Asko zaindu eta elkar animatzen gara.

Hautagairik bai abenduaren 19an txapela janzteko?

A.L.: Beñat Gaztelumendi. Aurrekoan, Oreretan txapelketan berarekin abestu nuen eta indartsu ikusten dut.

A.A.: Beñat Gaztelumendi. Bi aldiz bigarren geratua dago. Euskal Herriko Txapelketako finalean ere kantatua dago. Gaztea da oraindik, pauso sendoko ibilbidea egin duen bertsolaria da, oso segurua. Faboritoa bera izango dela uste dut. Jon Maia ere hor dago bigarren gaztaro batean. Eta gero aipatuko nituzke, Alaia Martin eta Agin Laburu.

Nola elkar ikusi zarete txapelketan?

A.L.: Asier oso indartsu ikusi dut, oso beretik. Duela lau urte bere estiloa hartzen ari zen bertsolari moduan ikusten nuen, orain Asier Azpiroz bera ikusi dut kantuan eta oso gustura entzun dut. Oso fresko, natural, oso beretik kantatzen. Berak bertsolaritzan egin nahi duen bide hori egiten.

A.A.: Ane ondo, oso bertsolari segurua da. Edozein txapelketa edo herrietako saioetan beti berea kantatzen duen bertsolaria da. Gainera, bada Buruntzaldean, Lasarten oso pertsona erreferentea, ez bakarrik bertsolaria delako, baita saltsa askotan parte hartzen duena. Eskualdeko bertsolaritzari mesede izugarria egin dion pertsona.

“Gu saiatuko gara gure onena ematen”

Azaroaren 13ko bertso afaria, txapelketa betean, zuentzako lasai gunea izango da?

A.L.: Abesteko gogo handia dut. Abesteko esan zigutenean idatzi nion Asierri ilusio handia egiten zidala berarekin abesteak. Oso gutxitan elkartu gara bertso afari batean. Gustura joango gara.

A.A.: Kantatzeko gehien gustatzen zaizkidan saioak halakoak izaten dira. Asmatuz gero satisfakzio handiena halako saioek ematen dute. Deia jaso genuenean, Anek eta biok elkarri idatzi genion, hemen aritzeak ilusio dezente egiten zigula adieraziz.

NOAUA!ren bertso afaritarako gonbita egin herritarrei.

A.L.: Animatzeko. Azken aldian dugun sentsazioa da, normalean txapelketa edo lehia tartean denean, askoz morbo gehiago, eta askoz jende gehiago mugitzen dela. Baina hortik kanpo ere bada bertsolaritza. Hori erakusten saiatuko gara. Animatu!

A.A.: Aitzakia gabeko lekuan, otordua. Gu saiatuko gara gure onena ematen. Ez da damutuko bertara joaten dena.

Hitzordua, ostiralean

Eguna: azaroak 13, ostirala.

Ordua: 21:00.

Tokia: Artzabal.

Parte hartzaileak: Asier Azpiroz eta Ane Labaka bertsolariak, eta Iñaki Agirresarobe “Tola” gai-jartzailea.

Afariko menua: aperitiboa, entsalada epela, entrekota patatekin, azkenburukoa, edaria eta kafea.

Txartelak: 18€ (aldez aurretik salgai, Noaua!ko egoitzan).